Oinez zebilen gizonezko bat hil da gaur goizean A-1 errepidean, Asparrena (Araba) parean, kamioi batek harrapatuta. Hasiera batean ihes egin du ibilgailuaren gidariak, baina gutxi geroago atxilotu du Ertzaintzak. Jakinarazi dutenez, positibo eman du alkoholemia proban; Poliziaren arabera, «begi bistakoa zen mozkorra zegoela», eta «baimendu baino askoz ere alkohol gehiago» zuen odolean. Ondorioz, atxilotu egin dute zuhurtziagabekeriazko hilketagatik eta sorospen eginbeharra ez betetzeagatik.
Hildakoa errepide ertzean zebilen oinez; Ertzaintza ikertzen ari da zergatik. Ezbeharra 00:30 eta 01:00 artean gertatu da, eta errepidea itxi egin du Poliziak. Istripua gertatu den lekura iritsitakoan, biktima eta kamioiaren zati batzuk topatu dituzte.
Gidaria handik 30 kilometrora atxilotu dute. 54 urteko gizonezko bat da. Kamioiari foku bat falta zitzaiolako eta odol arrastoak zituelako geldiarazi dute.