Errioxako Gobernuak (Espainia) Arabako Errioxako eriak arta ditzan eskatzeko, gose greba hasi du Ruben Garrido Oiongo alkateak (Araba). Errioxako Gobernuaren egoitzaren aurrean —Logroñon— dago protestan, eta adierazi du bertan jarraituko duela Eusko Jaurlaritzaren eta Errioxako Gobernuaren artean akordiorik lortzen ez den bitartean. Garrido ziur da; uste du mobilizazio horren bidez Pedro Sanz Errioxako presidenteak auziari buruz «berriz» pentsatuko duela eta Eusko Jaurlaritzak «ahalegin handiagoa» egingo duela Arabako Errioxako gaixoen arretari eusteko Errioxan. Sanzek «atzerapauso bat» emango balu horrek «ohoratu» egingo lukeela pentsatzen du Garridok.
Alkatearen eskariarekin bat egin zuten atzo dozenaka lagunek Oionen; Errioxako agintarien jarrera gaitzesteko, elkarretaratzea egin zuten. Logroño Gasteiz baino askoz ere gertuago dute Arabako Errioxako herritarrek, eta aurrerantzean ere bertako erietxeetara joateko aukera izan nahi dute.
Herritarren eskariari erreparatuta, Espainiako Osasun Ministerioak Arabako Errioxako eriak «berehala» artatzen hasteko eskatu dio Errioxako Gobernuari, baita Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzeko ere, elkarrizketak hasi eta akordioa hitzartzeko. Alfonso Jimenez Osasun Ministerioko Osasun idazkari nagusiak adierazi du baduela beste erkidegoetako gaixoak artatzeak ekar ditzakeen ondorio ekonomiko eta sozialen berri, baina ohartarazi du egoera horrek ezin duela izan «zailtasun bat» osasun zerbitzuarentzat.
Garridok azaldu du gose greba hasteko erabakia hartua zuela irailetik. Jaurlaritzarekin eta Errioxako Gobernuarekin «harremanetan» izan dela dio, baina ez duela jaso gatazka konpontzearen aldeko erantzunik. Haren ustez, egoera «enkistatu» egin da.Horregatik, azaldu du «negoziazioen erritmoa aldatzeko» unea dela, hartara Arabako Errioxako herritarrek «argi pixka bat» ikusteko. Baikor da: auzia «berehala» konpontzea espero du. Gatazkarekin zerikusia duten aldeek «negoziazio garrantzitsuak» dituztela dio. Nolanahi ere, Errioxako Gobernuak adierazi du Espainiako Osasun Ministerioa ez dela eseri Errioxarekin «hitz egitera», ez eta Errioxak esan behar duena «entzutera» ere. Oiongo alkateak hasi duen gose grebari dagokionez, azaldu du Garridok arazoa Eusko Jaurlaritzarekin duela eta ez Errioxako Gobernuarekin.
Alderdiak, «elkartasun» eske
Egoera ez dela konpontzen ikusita, alderdi politikoek «elkartasuna» izan dezan eskatu diote Errioxako Gobernuari. Emilio Olabarria EAJko kideak adierazi du Sanzek duen jarrera «zitala» dela, eta instituzioen arteko «kolaborazioa eta elkartasuna» eskatu du. Bilduk, berriz, Arabako Errioxanospitale bat egiteko eta Lezako osasun etxean baliabide gehiago jartzeko eskatu du.
PSE-EEren ustetan ere «penagarria» da Errioxako Gobernuaren jarrera. Jose Bono Espainiako Kongresuko presidenteak kritikatu egin du. «Elkartasunari mugak» jartzen zaizkionean elkartasuna «gaiztotu» egiten dela adierazi du. Gainera, azaldu du herritarrei eman beharreko zerbitzuak ez direla «txantxa bat», bozak tartean egonda ere. Leopoldo Barreda EAEko PPko bozeramaileak, berriz, atzo esan zuen auzia «ordu gutxitan» konponduko den itxaropena duela; erakundeak «bat ez etortzeak» ez du «izateko arrazoirik», haren ustez.
Oiongo alkatea gose greban da, eta Errioxa eriak artatzen hasi arte segituko duela dio
Arabako Errioxako gaixoak «berehala» artatzen hasteko eskatu dio Espainiako Osasun Ministerioak Errioxari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu