Elur ekaitzak Araban izan zituen ondorio makurrenak atzo eta bertako errepide nagusiak moztuta izan ziren hainbat orduz, kamioientzat batez ere. Zenbait kasutan istripuek eragin zuten irekita zeuden errepideak ixtea. Gaurko eguraldian ez da aldaketa handirik espero.
-ARABA: Elur ekaitzak Araban eragin du arazo gehien. Errepide sare nagusiari dagokionez, hainbat istripuren ondorioz zenbait ordutan itxita egon zen Altubeko autobidea, N-622 errepidea, arratsaldeko 20:30ean ireki zuten, kateak zituzten autoentzat bakarrik Gasteizera bidean. Altubera bidean guztientzat itxita zegoan. Horretaz gain, autoek kateak behar zituzten N-1 errepidean, bai Irunera (Gipuzkoa) bidean, bai Mirandara (Espainia) bidean.
Kamioiek, berriz, ezin zuten N-1ean ibili. Bilbo eta Altube lotzen dituen A-68 autobidean kamioiak ibili ziren eta kamioi ilara luzeak sortu ziren A-68 eta A-8 autobideek bat egiten duten lekuan. A-68 autobidearen arduradunek kamioiei ibiltzeko debekatzeko eskatu zien Eusko Jaurlaritzako Trafiko arduradunei, A-68a bertan behera ez geratzeko. Ertzaintzak, herenegun bezala, gasolindegietan pilatu zituen Burgostik Araban sartu ziren kamioiak.
-NAFARROA: Nafarroako errepide sare nagusian arazorik ez zen izan atzo. Osorik zabalik zegoen goizean. Gauez elurra kentzeko 22 makina aritu ziren lanean, eta bideak garbi ziren egunak argitu zuenerako. Arratsaldean, kateak behar ziren Urkiaga mendatean. Bigarren mailako sarean, berriz, goizean itxita zegoen Izabatik Zuberoarako errepidea hamabigarren kilometrotik aurrera, eta kateak behar ziren Laza, Coronas, Artesiaga, Lizarraga, Urbasa, Meano eta Etxauri mendateetan. Arratsaldean, kateak behar ziren, halaber, Egozkue mendatean.
Nafarroa Gipuzkoarekin eta Arabarekin lotzen duten errepide nagusiak itxita egon ziren eguerdira arte, eta Nafarroako Gobernuak trafikoa Iruñea-Behobia errepidetik, N-121-Atik, bideratu zuen.
Autobusetan igarri zituzten atzo, nagusiki, elur ekaitzaren ondorioak. Estellesak goiz osoko zerbitzuak utzi behar izan zituen bertan behera, Lizarrarakoak, Logroñorakoak, Calahorrarakoak eta Sartagudarakoak. Burundesak, halaber, Bilbora eta Gasteizera joateko zerbitzu guztiak utzi zituen bertan behera, eta Condak Madrilerako guztiak.
Gas naturalaren eskaera azken urteotako handiena izan zen herenegun Nafarroan: 59 gigawatt orduko (aurreko neguko eskaera handiena baino %8 gehiago).
-LAPURDI: Azken egunetako aroak okerrera egin bazuen ere, eguraldiak berak ez zuen arazo nabarmenik eragin Lapurdin. Bai, ordea, antolaketa ezak A-63 autobidean: eguerdirako bost kilometroko auto lerroa zegoen Biriatun, Gipuzkoarako norabidean; arratsaldeko seietan, berriz, auto lerroa 30 kilometrokoa zen, Baionarainokoa. Jendarmeriaren arabera, kamioi kopuruak eragin du metatzea Biriatuko ordainleku parean. Arratsaldean auto gidariak Baionako hegoaldetik ateratzera behartu zituzten eta Baionara iritsi aurretik eta A-63 autobidea uzteko gomendatu zieten. Landetako (Frantzia) Benesse Marenneko ordainlekuan egoerari buruzko informazioa eman zien erabiltzaileei. Philippe Gregoire prefetak kamioien igarotzea kudeatzeko plangintza berezia plantan emateko agindua eman du. Gipuzkoatik informazio gutxi heltzea deitoratu zuen.
-GIPUZKOA: Etxegarateko errepidea (N-1) itxi egin zuten kamioientzat(autoentzat ere itxita egon zen) Gasteizera bidean eta Ertzaintzak bertara zihoazen kamioiak gerarazi egin zituen Lasarte-Orian eta Villabonan. A-15 autobiaren Gipuzkoako zatia ere moztuta egon zen goizeko hainbat orduz, 13:45ak arte, bai Iruñera bidean, bai Andoainera bidean. Deskarga (GI-632, Bergara-Zumarraga) eta Eizaga (GI-632, Zumarraga-Beasain) mendateak kamioientzat itxi, ireki eta itxi egin zituzten kamioientzat arratsaldean.
Elgetan argindarrik gabe egon ziren eguneko ordu askotan; baita Bergarako zenbait auzotan ere. Arantzazuko santutegian 60 zentimetroko elur geruza zuten atzo.
-BIZKAIA: Errepide sare nagusia irekita egon zen egun guztian eta Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen N-622 autobidean izan ziren arazo gehien. Gasteizera zihoazen zenbait autori atzera egiteko eskatu zieten Altuben, errepideak gainezka egin zuelako Araban. Gauean Barazarko mendatea, N-240 errepidea, eta Urkiolako mendatea itxita zeuden kamioientzat.
-NAFARROA BEHEREA: Elurrak bigarren mailako errepideetako trafikoan arazoak eragin zituen, baina ez zen errepiderik moztu. Donaixtin bost zentimetroko elur geruza zuten atzo.
-ZUBEROA: Atzo goizeko 06:00etarako hasi ziren Zuberoako errepideak garbitzen eta egun osoan elurra egin bazuen ere, ez zuen aparteko arazorik eragin eta errepide guztiak zabalik zeuden. Larrainen eta Santa Grazin 20 zentimetroko elur geruza zegoen atzo. Atzo hotz handia egiten zuen Zuberoan eta elurra hormatu dezake.
ELUR EKAITZA
Okerrago, Araban batez ere
N-1, N-622, A-15 eta A-68 errepideak itxita egon dira hainbat orduz, eta kamioiek ezin dute Arabako errepide nagusietan ibili; Gasteiztik abiatzen diren autobus eta tren zerbitzu ugari ere bertan behera geratu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu