Larri dago Iñaki Azkuna Bilboko alkatea. Oso larri. Azken orduetan nabarmen egin du okerrera haren osasunak. Hala baieztatu du Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak. "Egoera delikatua da, kontuan hartuta zer den Azkunak bilbotar guztientzat eta euskal herritar guztientzat; erreferentea izan da maila guztietan", adierazi du. Haren osasun egoerak "tamalez" okerrera egin duela adierazi dio gaur Europa Press berri agentziari, eta esan bi aukera gerta daitezkeela haren osasun egoeran: "Inflexio puntu bat egon daiteke, edo datu guztiek seinalatzen dutena baieztatu daiteke".
Egoera larria dela eta, EAJren Bizkai Buru Batzarrak, Itxaso Atutxa presidenteak deituta, premiazko bilera egin zuen atzo iluntzean Sabin Etxean. Dena den, Atutxak adierazi du bilera "informatiboa" izan zela, eta "zurrumurruak saihesteko" egin zuela. Gaineratu du ezin dutela gehiagorik esan Azkunaren osasun egoerari buruz, "medikuek ere ezin baitute egin".
Urteetako gaixotasuna
Azken urteetan ospitalera joan-etorrian ibili da alkatea; minbizia du, eta hori sendatzeko jasotako tratamenduek arazoak bata bestearen atzetik eragin dizkiote. Otsailaren 22an ospitaleratu zuten azkenekoz Basurtuko Ospitaleko larrialdietan, jatetxe batean konortea galdu ondoren.
Aspaldikoak ditu, halere, osasun arazoak. 2003an prostatako minbizia atzeman zioten, eta orduan hasi zituen tratamenduak. Ebakuntza egin zioten AEBetan, eta denboralditxo bat egin zuen han.
Gerora, Basurtuko Ospitalean zein etxean bete ditu medikuen esanak. 2008an beste ebakuntza bat egin zioten, aurreko tratamenduek utzitako ondorioak zuzentzeko, eta ordutik beste hainbatetan igaro da operazio gelatik arrazoi beragatik. Iaz egin zioten azken ebakuntza Basurtun, giltzurrun bat erauzteko.