Urriaren 6an ospatzekoa den Okupatu Gasteiz Egunean parte hartzeko deia egin dute 250 eragile inguruk. Gaur goizean mezu bidez adierazi diote babesa ekinbideari, eta Gasteizko Udalaren jarrera kritikatu dute, espazio publikoa okupatzeko baimena ukatu diolako. Sinatzaileen artean, sektore askotako pertsonak eta elkarteak daude: musika taldeak, kultur eragileak, Euskal Herriko hainbat espazio autogestionatu, kirolariak, idazlean, unibertsitateko irakasleak, kazetariak...
Okupatu Gasteiz Egunean hiriko lau eragileren urteurrena ospatzeko helburua du: Hala Bedi irratiak 35 urte bete ditu aurten, Gasteizko Gaztetxeak 30, Auzolana pilotalekuak 10 eta Errekaleorrek 5. Hori ospatzeko, hamaika ekitaldi prestatu zituzten urriaren 6rako, Gasteizko hirigunean. Ordea, Gasteizko Udalak espazio publikoa okupatzeko baimena ukatu die. Horretarako, besteak beste, argudiatu zuen ekinbidearen izenak ekintza ilegaletarako dei gisa uler daitekeela, antolatzaileen ezagutarazi zutenaren arabera.
Agiriaren sinatzaileek gogorarazi dute Gasteiz hiri aberatsa dela kulturalki, artistikoki, musikalki… eta urriaren 6a hori erakustera bideratuta zegoela. Halaber, kalea aldarrikatu dute aniztasun horren erakustoki gisa. “Gu kaletik hasi garen artistak, musikariak, idazleak, kirolariak… gara. Printzipal Antzokian aritzeko, Foru plazan jotzeko, edo liburu bat aurkezteko, horrelako espazioak behar-beharrezkoak ditugu”. Horren harira urteak betetzen dituzten lau espazioek urteetan eskainitako aukerak eskertu dituzte.
Horrez gain, agiria sinatu duten eragileek gogora ekarri dute azken hiru legegintzaldietan antzeko ekinaldiak egin zirela: Gaztetxe Eguna 2005ean, Alfonso Alonso alkate zela; Piztu Gasteiz Eguna 2008an Patxi Lazcoz alkatetzan zegoela; eta, azkenik, Gora Gasteiz Eguna 2015ean, Javier Marotoren agintaldiaren azken txanpan. “Ez dugu ulertzen aurtengo urteurrena debekatzeko arrazoia”, hausnartu dute sinatzaileek.
Beraz, urriaren 6an egongo diren ospakizunetan parte hartzeko deia egin dute eragileek, “jai giroa nagusi izango den egunean”.