Gizartea

Okupatu Gasteiz Egunak “debeku politikoari” aurre egingo dio

Urriaren 6an manifestazioa egingo dute eguerdian, eta 18:00etatik aurrera kontzertuak egongo dira Gasteizko Gaztetxean

Okupatu Gasteiz egunaren egitarauaren aurkezpena. BERRIA
Jon Rejado.
2018ko irailaren 27a
13:27
Entzun

Okupatu Gasteiz Egunaren sustatzaileek “asmo politikoak” leporatu dizkiote Gasteizko alkate Gorka Urtarani urriaren 6rako iragarrita zeuden ekintzak oztopatzeko. Espazio publiko asko erabiltzeko baimena “irizpide teknikoengatik” ukatu zituela argudiatu izan du Urtaranek. Ordea, sustatzaileek beste hausnarketa bat egin dute. “’Arrazoi teknikoen’ ustezko neutraltasunarekin ezkutatu nahi izan dute debekatzeko arrazoia: ez gara euren gustukoak, enbarazu egiten diegu”.

Hala Bedi irratiaren, Gasteizko Gaztetxearen, Auzolana pilotalekuaren eta Errekaleor auzoaren urteurrenak modu bateratuan ospatzeko asmoa du egunak. Antolatzaileek azaldu dute apiriletik egin direla elkarlanean Gasteizko Udaleko teknikariekin. Ordea, espazio publikoak erabiltzeko trabak egitaraua aurkeztu ondoren heldu zirela gaineratu dute, irailaren 6an. Horren aurrean goizerako prestatutako ekintzak bertan behera utzi dituzte, eta egitaraua berregituratu dute egoera berrira egokitzeko.

Okupatu Gasteiz eguna 12:30etan hasiko da, kalejira kutsua izango duen manifestazio batekin. Aukeratutako leloa da: Zuei gustatu ala ez, Gasteizekin arduratzen gara. Elektrotxaranga, joaldunak eta perkusioa izango dira manifestazioan. Amaitzean bazkari herrikoia egingo dute, baina ez dute argitu non izango den. Bazkalostean DJak egongo dira, eta, 18:00etatik aurrera, kontzertuak Gaztetxean.

Bestetik, antolatzaileek eskertu dute bai kontzertuetan parte hartuko duten taldeak, “edonon” jotzeko konpromisoa adierazi dutelako. Gaztetxeko kontzertuez gain, beste hainbat ekintza egongo direla iragarri dute, tabernariek antolatuta. Halaber, gaineratu dute hainbat merkatari laguntzeko prest daudela, eta “saltokien sare bat” sortzen ari dela, urriaren 6an “euren aletxoa” jartzeko prest.

Azkenik, egunean parte hartzeko deia luzatu zuten. “Ez gara euren probokazio jokoan eroriko, eta konbentzituta gaude egun horretan sorpresa ugari egongo direla”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.