Hustea

Okupatutako eraikina husteko agindua epaileak eman zuela berretsi du Aritz Romeok

Udaltzaingoaren protokoloak berrikusiko dituztela iragarri du Segurtasun zinegotziak. Hurrengo larunbatean elkarretaratzea eginen du Hirekin taldeak, Poliziaren oldarraldia salatzeko.

hIREKIn taldeko ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. BERRIA
Ion Orzaiz.
2016ko urriaren 10a
07:27
Entzun

Agerraldia egin du gaur Aritz Romeo Iruñeko Udaleko Segurtasun zinegotziak, larunbatean Sarasate pasealekuan okupatutako eraikinaren husteari eta horren karira piztutako istiluei buruzko informazioa emateko. «Ez dut asmorik nire erantzukizunari izkin egiteko, eta, horregatik, azalpenak eman nahi ditut, auziari argia eta gardentasuna emate aldera», azaldu du.

Romeoren esanetan, «zaintzako epaileak» —Fermin Otamendik, alegia— eman zuen etxebizitza husteko agindua, eraikinaren jabeak salaketa aurkeztu ostean. Telefonoz eman zien agindua udaltzainburuei.

Horrez gainera, lau neurri iragarri ditu, «larunbateko gertaerak berriz gerta ez daitezen»: lehenik eta behin, larunbatean gertatutakoaren ikerketa abiarazi du Udaltzaingoaren barruan; bestetik, halako kasuetan aplikatzen den protokoloa berrikusiko dute; hirugarren neurria izanen da udaltzain batzuek erabili zituzten borra luzagarrien erabilera aztertzea; eta, azkenik, Udaltzaingoaren jardunbide orokorra berriz planteatzea.

Romeok babesa adierazi die istiluetan zauritutako guztiei, bai gazteei baita udaltzainei ere. «Udaltzainek jakin behar dute zinegotzi honen eta udal gobernu taldearen babesa dutela; baina, era berean, jakin behar dute polizia eredu berri bat sustatzeko lanean ari garela, eta horren arabera jokatu beharko dutela aurrerantzean. Eta okerren bat egiten badute, ikertu eta salatuko dugu».

UPNk eta PSNk sostengua adierazi diete udaltzainei —ez dituzte okupatzaileak aipatu ere egin—, eta sinesgarritasun osoa eman diote Poliziaren bertsioari. UPNko Enrique Maiaren aburuz, «bakarrik» gelditu da Romeo zinegotzia: «Bakarrik utzi zaitu zure alderdiak, udaltzainen jokabidea gehiegizkoa izan zela salatuz; eta bakarrik utzi zaitu, alkatea ere ez baita inondik ere ageri. Arazo larria duzu».

Are gogorrago hitz egin du PSNko Maite Esporrinek, udaltzainek indarra erabili behar dutela iritzita: «Polizia eredu hurbilagoa? Bai, guri ere gustatuko litzaiguke hori, baita munduko gosea bukatzea ere! Baina, batzuetan, poliziek esku hartu beharra dute. Zer eginen dute delitu baten aurka? Eta erasotzen dituztenean?». Are gehiago: Udaltzaingoaren barruan ikerketa bat abiatzea «purga ideologiko bat» dela esan du, eta Aritz Romeoren dimisioa eskatu du, neurri horiek iragartzeagatik.

Geroa Baiko Itziar Gomezek ere babesa adierazi die zauritutako udaltzainei, baina ontzat eman du ikerketa, «gertatutako guztia argitze aldera». Ezkerrak eta Aranzadik, azkenik, ontzat eman dute Romeoren agerraldia. Elkartasuna adierazi diete «larunbatean zaurituak izan ziren guztiei, udaltzainak nahiz herritarrak izan», eta begi onez ikusi dute ikerketa bat abiatzea nahiz protokoloak berritzea, «aurrerantzean, indarkeria kasuak ekiditeko».

hIREKIn taldearen agerraldia

Sarasateko eraikina okupatu zuten gazteen izenean, hIREKIn taldeak agerraldia egin du Nabarreria plazan. Mozorrotuta azaldu dira ekintzaileak, eta «Udaltzaingoaren oldarraldi bortitza» salatu dute. Gazteen arabera, udaltzainek ez zuten agiririk erakutsi, eta, eraikina hustearekin mehatxu egin ostean, gogor oldartu zitzaizkien protestan ari ziren gazteei. «Kaleratze agindua eskatu genien, baina ez ziguten eman». Guztira, hamar pertsona identifikatu, hiru atxilotu eta 20 zauritu zituzten udaltzainek, okupatzaileen arabera. Horren guztiaren inguruan, «adierazpen ofiziala» exjiitu diete Joseba Asiron alkateari eta udal gobernua babesten duten taldeei, «aste hau bukatu baino lehen», gertatutako guztia argitu dezaten.

Bestalde, etxebizitza eskubidea eta horren inguruko politikak birplanteatzeko beharra azpimarratu dute hIREKIn-eko ekintzaileek: «Etxebizitza-merkantziaren abolizioa helburutzat jotzen dugu, etxebizitza oinarrizko eskubide gisa ulertzen dugulako».

Hori guztia aldarrikatzeko, manifestazioa eginen dute heldu den larunbatean 12:00etan, Nabarreria plazatik abiatuta. Hamaika elkarte eta kolektiboren babesa jaso du mobilizazioak: besteak beste, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Antsoaingo Gazte Asanblada, Mendillorriko Gazte Mugimendua, Iturramako Gazte Mugimendua, Burlatako Gazte Mugimendua, Berriozarko Gazte Mugimendua, NUPeko Ikasle Abertzaleak, Zikutak, Bullerak, Lugatibe, Arrakalak, Ernai Iruñerria, Urniza, Iruñeko Autonomia Komunala, Alde Zaharreko Gaztetxea, Alde Zaharreko Talde Feminista, Mugitu eta Ekinklik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.