Etxebizitza eskubidea aldarrikatzea zuten helburu joan den astean Sarasate pasealekuko eraikin batetik kanporatu zituzten gazteek. Udaltzaingoak, ordea, indarrez aterarazi zituen, eta haietako hiru atxilotuta eraman zituzten. Gertatutakoa salatu eta, beste behin, gazteentzako etxebizitzak eskatzeko, manifestazioa egin dute gaur Iruñeko Alde Zaharrean.
Hirekin plataformak deitu du protestara, baina beste hainbat erakundek ere babestu dute: besteak beste, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak, Antsoaingo Gazte Asanbladak, Mendillorriko Gazte Mugimenduak, Iturramako Gazte Mugimenduak eta Burlatako Gazte Mugimenduak.
Ehundik gora gazte bildu dira Nabarreria kalean joan den asteko kaleratzea salatzeko, eta handik Sarasaterainoko bidea egitea zen helburua. Baina Poliziak bidea itxi die Gazteluko plaza parean, eta identifikazioa eskatu die haietako batzuei. Une horretan, aurrera egiteko modurik ez zutela ikusirik, protesta amaitzea erabaki dute deitzaileek.
Aurretik, hala ere, ozen entzun dira okupazioaren aldeko oihuak. Besteak beste, "okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia" eta "kaleratze bat, okupazio bat" aldarriak entzun dira bidean.