Bihar egingo dute bilera GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan, eta han onartuko dituzte hondakinak tratatzeko azpiegituren kudeaketarako pleguak. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua prentsaren aurrera azaldu dira gaur, bihar onartuko dituztenen berri emateko eta, bide batez, errausketa plantarekin aurrera jarraitzearen erabakia argudiatzeko. Honela esan du Olanok: "Gipuzkoarren gehiengoaren borondatea gauzatuko dugu erraustegiarekin, aurreko legegintzaldian ez bezala". Gainera, errusketa planta ez dela ingurumen arazo bat azpimarratu du, alderantziz, ingurumen arazo bati ematen zaion konponbidea dela.
Asensiok azaldu du lau azpiegitura nagusiren lizitazioak jarriko dituztela abian. Bi fasetan banatuko dituzte, eta bihar lehenengo fasea lizitatuko da, alegia, errauste plantarena. Proposamenak aurkezteko 60 eguneko epea irekiko dutela azaldu du Asensiok, azaroan izango dela adjudikazioa, eta 2017 hasieran jarriko dela martxan.
Horrenbestez, Gipuzkoak "Europako ereduari" jarraituko diola argudiatu du Asensiok, zabortegien ereduari begiratzea "atzera begiratzea" dela.
Diputazioa EH Bilduren esku egon den garaiari erreferentzia eginez esan du lau urteko "moratoria" izan dela, eta "izan dituen ondorioak" izan dituela: "Bilduren lau urteko legegintzaldi kaotikoaren ostean, GHKren kontuak dauden bezala daude". Beraiek, "Batzar Nagusietan hartutako agindua betetzen" ari direla nabarmendu du.