Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu berriaren oinarri politikoen gainean EAJk EH Bildurekin lortutako akordioari "babes osoa" azaldu dio gaur Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, argudiatuta erabakitzeko eskubidearen "instituzionalizazioa" bilatzen duela testu horrek. Foru gobernuaren bileraren osteko prentsaurrekoan mintzatu da Olano estatutu berriaren inguruan. Iñigo Urkullu lehendakak esandakoari erantzunez, Olanok esan du akordioak zabaltzea ongi dagoela, baina oinarriei "uko egin gabe" egin beharko dela hori. "Garbi daukat erabakitzeko eskubidea ezin dugula alde batera utzi adostasunak areagotzeko", ohartarazi du.
Olanoren ustetan, hori egingo balitz, onartutako oinarriak "erabat urtuko" lirateke, eta "izugarrizko etsipena" eragingo luke gizartean. Gainera, uste du jetzaleek eta EH Bilduk Autogobernu Lantaldean lortutako akordioan erabakitzeko eskubidea jasotzea funtsezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoa "ekonomikoki eta sozialki haz dadin". Halaber, iritzi dio "EAJko militante eta afiliatu guztiek" erabakitzeko eskubidea babesten dutela.
Olanoren adierazpenen inguruan galdetu diote eguerdian Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunari. Erkorekak azpimarratu du akordioak zabaltzeak ez dakarrela oinarriei uko egitea. Gogorazi du Iñigo Urkullu lehendakariak "EAJko militante gisa" hitz egin duenean ez duela ezbaian jarri EH Bildurekin adostutako testua, baina lehendakari gisa akordioa “zabaltzeko" helburua duela, koalizio gobernu batek eskatzen duen "erantzukizun instituzionala" gogorazita.