Zeresan politiko handia hartuko du Bidegiri buruzko ikerketa batzordeak. Gipuzkoako Batzar Nagusiak ari dira ikertzen aurreko agintaldian irregulartasunak izan ote ziren Gipuzkoako errepideak kudeatzeko sozietate publikoan. Bihar erabakiko dute nork eman beharko dituen azalpenak lantalde horretan.
Taldeen eskarien berri jakin du BERRIAk. Hiru izen dira nabarmentzekoak. Batetik, Markel Olanorena eta Eneko Goiarena; aurreko diputazioan agintari izan ziren, eta hautagai izango dira hurrengo hauteskundeetan. Bestetik, Josu Bergara Bizkaiko ahaldun nagusi ohiarena; ustezko irregulartasunetan nahastutako enpresa bateko kidea da Bergara.
Obrarekin lotura izan zuten ingeniarien eta beste aditu batzuen agerraldiak ere eskatu dituzte.
Oraingo aldundiko arduradunen agerraldiak ere galdegin dituzte: Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuarena eta Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendariarena, adibidez.
Otsailaren 24an erabaki zuten ikerketa batzordea sortzea Batzar Nagusiek. Bilduk, Aralarrek eta PPk bozkatu zuten alde —haiek eskatu dituzte Olanoren eta Goiaren agerraldiak—, eta EAJk eta PSE-EEk aurka. AP-1 autobideko obretakoa da aztergai izango duten kasua; aldundiaren arabera, egin gabeko lanengatik ordaindu egin zuen Bidegik. 3,4 milioi eurokoa da ustezko iruzurra.
Azpeitiko auzitegian salaketa jarri zuen aldundiak, eta han ari dira pauso batzuk ematen. Hiru lagun inputatu egin dituzte: Bidegiko arduradun ohi bat, eta enpresetako bi arduradun. Hurrengo egunetan deklaratzekoak dira.