Joan den astean, Mendiolako herritarrek Olarizuko tontorreko gurutzea kentzearen alde bozkatu zuten, eraitsi edota bertatik ken dezaten. Gaur, ordea, gurutzea jarri zutenetako baten alabak hantxe uzteko eskatu du, jarri zutenek ez zutelako "erregimen frankista omentzeko inolako asmorik".
50eko hamarkadan herritar talde baten ekimenez jarria da Olarizuko gurutzea, eta, jatorrian, 1951ko azaroan Gasteizen ospatutako Misio Santua gogora ekartzea zuen helburu. Erregimen frankistako agintariek, ordea, zentzu politikoa eman zioten 1936ko gerran Errepublikaren aldekoek hil zituzten apaizak omentzeko.
Luis Saenz de Olazagoitia izan zen gurutzea egiteko ideiaren atzean egon ziren herritarretako bat, eta, haren alabak Mendiolako kontzejuari bidalitako gutunean adierazi duenez, ez bere aita eta ez gurutzea egiteko lanetan aritu ziren bertzeak ez zeuden gurutzeari "izaera politikoa" ematearen alde. Gaineratu du gobernadore zibilaren erabakia izan zela gurutzea erregimen frankista omentzeko erabiltzea: "Gurutzean konnotazio frankistak egotea ez zen sortzaileen hasierako ideia, ez asmoa".
Gorka Urtaran Gasteizko alkatea gurutzea mantendu eta plaka bat jartzearen aldekoa da. Joan den astean egindako adierazpenetan, erran zuen udalaren esku badago gurutzea ez dutela kenduko. Saenz de Olazagoitiak ere bide beretik jo du. Haren ustetan, ez dago gurutzea zertan kendu: nahikoa da apaizak omentzen dituen inskripzioa kentzea.