Denboraleak ez du atsedenerako tarterik utzi. Olatu bortitzen ostean, haizeak hartu du lekukoa. Gogoz jo zuen atzo. Loiuko aireportuan (Bizkaia), adibidez, arazoak sortu ziren, lau hegazkinek ezin izan baitzuten lurreratu. Noain (Nafarroa), Tolosa (Okzitania, Frantzia) eta Zaragozara (Aragoi) desbideratu behar izan zituzten. Halaber, Loiutik irten beharreko beste lau hegaldi bertan behera utzi zituzten haizeteen ondorioz.
Gaurko ere bizi-bizi ibiliko dela iragarri dute. Euskalmeten arabera, orduko 120 kilometro baino gehiagoko haize ufadak espero dira. Iluntzean joko du indartsuen; 21:00etatik aurrera. Borraska bat sartuko da Hegoaldetik, eta tenperaturak epelagoak izango dira. Hala, olatu zakarrak atzean utzita, haizea da orain kezka nagusia.
Bihartik aurrera, baina, itsasoa berriz harrotzeko arriskua dago. Alerta laranja ezarriko dute, olatuek sei eta zazpi metro garai izan baitaitezke. 15:00etatik gauerdira bitarte adi ibiltzeko eskatuko dute, haizete eta olatuengatik. Itsasoak ez du baretzera joko etzi, eta astelehenerako hamar metrotik gorako garaiera duten olatuak iragarri dituzte. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohartarazi du ez direla igandekoak bezain arriskutsuak. Izan ere, mareak motelagoak izango dira oraingoan.
Egunotako denboralearen kalteak aztertzeari ekiteko, erakundeen arteko bilera egin zuten atzo Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernuko kostaldeetako ordezkaria eta Gipuzkoako bederatzi herri kaltetutako alkate zein zinegotziak elkartu ziren. Guztiak ere, konponketei borondatez aurre egiteko «prest» agertu ziren, Martin Garitano ahaldun nagusiak adierazi zuenez.
Lehentasunen arabera ekingo diete lanei. Horretarako, egutegi bat osatuko dute. Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen kostaldeetako ordezkari Teresa Ruiz Ezenarrok azaldu du haien eskumenekoak diren kalteen ardura hartuko dutela. Donostiako Zurriola hondartza alboko muturraren konponketak, esaterako, hilabete barru hasiko dituzte. Dena dela, Ruiz Ezenarrok nabarmendu du egunotako denboraleak sor ditzakeen kalteak jakin arte ez dagoela lanak hasteko aukerarik.
Kexu mintzatu da Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, uste baitu «ahalik eta lasterrena» argitu beharko litzatekeela lanen eskumena norena den. Uda sasoirako hiria «normalizatua» egotea nahi du: «Hiri turistikoa gara, eta guretzako zinez garrantzitsua da udarako lanak amaituta egotea».
Hurrengo astean berriz biltzea hitzartu dute erakundeek. Ordurako, bederatzi udalek beharrezko dituzten lanen zerrenda eta aurrekontu zehatzak eraman beharko dituzte, aldundiari aurkezteko.
5,5 milioiren galerak Donostian
Bermeoko kaian, enbatak utzitako kalteak garbitzen eta konpontzen eman zuten atzoko eguna dozena bat beharginek. Olatu handiek hautsitako dikearen ordez jarri zituzten 105 harri blokeen erantzuna «aproposa» izan dela aitortu du Jaurlaritzako Ingurumen Sailak: «Behin betiko konponketak hasi bitartean, esperotako eginkizunak bete dituzte».
Gipuzkoako hiriburuan ere antzera ibili dira egunotan. 358 lagunek eta beste horrenbeste boluntariok hartu dute parte larrialdi eta garbitze lanetan. Udalak eskerrak eman dizkie. Bestetik, Nora Galparsoro Donostiako Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak jakinarazi du itsas denboraleak 5 eta 5,5 milioi euro arteko galerak sortu dituela oraingoz.
Espainiako Gobernuari eragiten dioten galerak, 17 milioi eurokoak
Espainiako Barne Ministerioko idazkariorde Luis Aguilerak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak 17 milioi euro jarri beharko ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean egindako kalteak konpontzeko; horietatik hamabost, Gipuzkoakoak. Zurriolako hondartza alboko muturrean izandako kaltea "nabarmena" dela adierazi du, eta hori nola konpondu aztertzen ari direla iragarri du. Dena den, ez du datarik jarri konponketekin hasteko.