Goizaldeko olatu handien indarrak bota egin ditu Getxoko Ereaga hondartzako (Bizkaia) hormaren hemezortzi metro. La Ola jatetxearen parean izan dira kalterik handienak, Getxoko Udalaren arabera. Ura pasealekuraino iritsi da 05:00 aldera. Udaleko garbiketa zerbitzuak hasiak dira pasealekua eta hondartza bereizten dituen horma konpontzen, eta olatuek bidera eramandako hondarra kentzen ari dira.
Udaltzainak ingurua zaintzen ari dira, eta Getxoko Udalak Babes Zibileko udal plana jarri du abian, alerta laranja eman baitute arratsalderako eta biharko. Herritarrei eskatu diete segurtasun neurriak errespetatzeko. Debekatuta dago alerta egoeran hondartzara sartzea, eta, beharrezkoa balitz, udaltzainek bidea ere moztuko lukete oinezkoentzat eta ibilgailuentzat.
Arratsalderako eman dute alerta kostaldean, 17:00etatik 20:00etara, itsasgorarekin batera, olatuek bost metroko altuera izan dezaketelako. Gainerako orduetan abisu horia egongo da indarrean.
Ciara izeneko enbata eratu da Irlandako ipar ekialdean, eta haren eragina nabarmena da itsasoan. Olatuek indarra galdu ohi dute, ordea, Bizkaiko itsasaldera iristerako.