Olatzagutiko errauste labea, Arabarentzat ere kalte

Arabako Diputazioak porlan fabrikaren proiektuari aurre egitea nahi dute Lurrak, kontzejuek eta UAGNk

Erredakzioa
Araba
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Nafarroara ez ezik, Arabara ere «kalte handia» ekarriko du Portland Valderribas enpresak duen hiri hondakinak errausteko proiektuak. Horixe uste dute UAGA nekazarien sindikatuak, Lurra kolektiboak eta Arabako Kontzejuen Elkarteak. Hori dela-eta, proiektua bertan behera uzteko eskatzeaz gain, Arabako Foru Aldundiari galdegin diote gaia bere gain hartzeko eta egitasmoari aurre egiteko. Bide batez, larunbatean Altsasun antolatu duten manifestazioarekin bat egin dute hiru erakundeek.

Proiektua Sakanan (Nafarroa) badago ere, Araban eragin nabarmenak izango dituelako, Gasteizen egin zuten agerraldia atzo. Salatu zuten FCC enpresak kudeatzen duen porlan fabrikak jaso duela Nafarroako Gobernuaren baimena hiri hondakinak errausteko. Haien ustez, baina, horrelako porlan fabrikak ez daude behar bezala egokituta horrelako lanak egiteko. Hala, hondakinak errausteko planarekin aurrera jarraituz gero, pertsonen osasunean, ingurumenean eta elikagaien segurtasunean «kalte handiak» izango lirateke Nafarroan eta Araban.

Alberto Frias Lurrako bozeramailearen iritziz, hondakinak erraustea da hiri hondakinak kudeatzeko modurik txarrena. «Ez ditu hondakinak deusezten, baizik eta mugitu eta zabaldu egiten ditu». Horren ondorioz, metal astunen isurketak gertatzen dira, berotegi efektuko gasak atmosferaratzen dira eta gas azidoak barreiatzen dira han eta hemen. Aldi berean, porlan fabrikak horrelakoak egiteko behar bezala ez daudela prestatuta uste du Friasek, besteak beste, errauste prozesua «mantsoago» egiten dutelako.

Aratz-Aizkorri natur parkea

Olatzagutiko porlan fabrikaren ondoan, Arabako lurraldean, hainbat naturgune garrantzitsu daudela gogoratu dute Lurrak, kontzejuek eta UAGNk. Besteak beste, Entziako mendiak eta Aratz-Aizkorri natur parkea.

Naturgune horiei kalte egin ez ezik, inguru horretako nekazaritza aberatsa ere gogor joko luke. Besteak beste, Idiazabalgo gazta egiten da inguruko nekazari ustiategietan.

Arabako elkarteek ohartarazi dute errauste labe berria Arabako udalerri zenbaitetik oso gertu dagoela eta haren eragin eremuan daudela herrialde horretako zenbait herri. Besteak beste, Asparrena 10,4 kilometrora dago, Zalduondo 12,3ra eta Agurain 15,9ra. Arabako hondakinak kudeatzeko planean erraustea ez dela onartzen ohartarazi dute, eta, hori dela-eta, Arabako erakundeei eskatu diete esku har dezatela proiektua gelditu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.