Olatzagutiko Portlandek 36.500 tona hondakin erreko ditu urtean

Nafarroako Gobernuak legea moldatu du, eta zementu lantegiak 1,67 milioi euro inbertituko ditu zaborra errausteko

Olatzagutiko Portland zementu lantegia, artxiboko irudi batean. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Olatzagutiko Portlandek hondakinak erreko ditu: 36.500 tona urtean, zehazki. Nafarroako Gobernuak legea moldatu du, Udalaz Gaindiko Eragina duen Proiektu Sektorial kategoria (PSIS) eman baitio egitasmoari. Erabaki horrek bide eman du proiektuak aurrera egiteko behar dituen diru inbertsioak egiteko. Hala, planean 1,67 milioi euro inbertituko ditu Olatzagutiko Portland zementu lantegiak.

Bi fase izango ditu proiektuak: lehenak 955.529 euroko aurrekontua edukiko du, eta 718.798 eurokoa bigarrenak. Hondakinak hartzeko, pilatzeko eta dosifikatzeko instalazio bat eraikiko dute, Olatzagutiko Portland lantegiak zementu grisa egiteko dituen bi labeetan. Zaborra erreta, zementua ekoizteko «erregai alternatiboak» lortzea du xede proiektuak.

Bi labe horietan erreko dituzten hondakinak «ez dira arriskutsuak», zementu lantegiak aurkeztutako txostenak dioenez. Hala, paperaren eta kartoiaren ekoizpen prozesuan sortutako hondakinak, eta plastikoa eta kautxuaren tratamendutik sortutako hondakinak erreko dituzte, besteak beste. Gainera, 2011ko maiatzean Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak biomasa erretzeko baimena eman zion Olatzagutiko Portland lantegiari. Hortaz, biomasa ere erregai alternatibo gisa erabili ahal izango du zementu lantegiak.

Nafarroako Gobernuak legea moldatu du, Olatzagutiko Portland lantegiak aurkeztutako proiektuaren txostenaren puntuak «begi onez» ikusten dituelako. Txostenak jasotzen duenaren arabera, proiektuaren helburua «industria plantaren jasangarritasuna zentzu sozialean, ekonomikoan eta ekologikoan» bermatzea da. Horretarako, proiektuak ekoizpen kostuak murriztuko ditu, energia aurreztuko du eta erregai fosilen erabilera murriztuko du, «horrek ingurumenean dakartzan onurekin».

Larunbatetan errefusik ez

Gasteizko Udalak errefusa jasotzeari utziko dio larunbat honetatik aurrera, Leticia Comeron Garbitasun zinegotziak esan duenez.

Larunbatetan errefusa jasotzeari utzita, urtean 275.000 euro gutxiago ordainduko dizkio FCC enpresari, Gasteizko zaborra kudeatzen duen enpresari. Hala ere, Comeronen hitzetan, neurriak ez du «aparteko eraginik» edukiko FCCko langileengan.

Bestalde, Barakaldoko (Bizkaia) alkateak proposatu du bertako zaborra astean hiru aldiz jasotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.