EH Bilduren ustez, EAEko fiskalak Martin Garitanoren eta Juan Karlos Izagirreren aurka diligentziak ireki izana Urkijo egiten ari den "jarduera antidemokratiko eta lotsagarriaren kapitulu berri bat besterik ez da". Hala salatu du koalizioak: "Gizarteari gure herria eta gure erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estatu baten presidentearen aldeko dolua eta omenaldia beharrez eta legez inposatzea ez da onargarria ikuspegi demokratikotik".
Jarduera "antidemokratikoa" izateaz gain, "nagusikeria erakustaldia" ere bada Urkijorena koalizioaren ustez. Horren arabera, Espainiako Gobernuaren ordezkaria "Madrilen zerbitzura" dagoen pertsonaia "obsesiboa" da, eta haren gisakoak "soberan" daude Euskal Herrian.
Rouco Varelaren adierazpenak, edo Gasteizko geltokiari Adolfo Suarez izena jartzeko asmoa ere "logika berean ulertu behar dira" koalizioaren ustez.
Urkijoren salaketa arbuiatzeaz gain, koalizioak gaitzetsi du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dolu eta omenaldiak errespetatu izana, "Euskal Herria subjektu politiko gisa ukatzen duen estatuarekiko status quo-a legitimatzeagatik".