Omenaldia, batasun hitzez

Ezker abertzaleak hiru hitzetan laburbildu zuen Txillardegiren bizitza: Euskal Herria helburu

Txillardegiren alargun Jone Forcada eta bien bi seme-alaba, herenegun, Viktoria Eugeniako omenaldi ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
«Abertzaleak nor bere aldetik joanda, gureak egin du». Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k gogoeta hori sarri egiten zuela gogorarazi zuen ezker abertzaleko Pernando Barrenak igande eguerdian, Donostian. Eta abertzaleek Txillardegiri egin ziezaioketen omenaldirik onena eskaini zioten herenegun, Viktoria Eugenia antzokian; Agur eta ohore. Euskara, herriaren ondare lelopean ezker abertzaleak antolaturiko ekitaldian, 900 herritar baino gehiago elkartu ziren, abertzaleak nor bere bidetik ez doazela erakutsiz. Omenaldian izan ziren, besteak beste, Abertzaleen Batasuna, EA, Alternatiba, Aralar, LAB eta Egin Dezagun Bidea. Txillardegik egin dituen ekarpen erraldoiak kokatzeko, Barrenaz gain, beste hainbat pertsona ere igo ziren agertokira: Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideak, Piarres Xarriton euskaltzaina eta Ned Thomas Galesko kazetaria. Horrez gain, Gerry Adamsen eta Arnaldo Otegiren gutun bana ere irakurri zuten.

Barrenak hiru hitzetan laburbildu zuen Txillardegiren bizitza: Euskal Herria helburu. «Euskal Herria zuen helburu,jainkoa eta lege zaharra alde batera utzita, urrats bat aurrera egin zuenean; Euskal Herria zuen helburu, Krutwig-ekin eta Mitxelenarekin euskararen batasunaren aitzindari aritu zenean; baita Leturia bakarrik Zerubiden kokatu zuenean ere». Txillardegi, «militante nekagaitza» zela adierazi zuen Barrenak: «Herri hau maitatzen zuen, herri honen inguruan pentsatzen zuen eta ekintzaile izan zen herri beharren mesedetan». Ezker abertzalearen ustez, Txillardegik nabarmentzen zuen bezala, batasuna funtsezkoa da, «Euskal Herri euskalduna, burujabe eta sozialista lortzeko». Hori dela-eta, omenaldira joan zirenei dei egin zien «Euskal Herriaren erronkari, batasunetik, euskaratik eta konpromisoz ekiteko».

Logroñoko espetxean (Errioxa, Espainia) preso dagoen Arnaldo Otegiren gutuna Laura Mintegi idazleak irakurri zuen. Txillardegiren heriotzaren gisako kolpeak, espetxean, «intentsitate bereziarekin» bizitzen direla idatzi zuen Otegik: «Horrelakoetan konturatzen gara kartzela aldiak zenbat azken begirada, besarkada eta harreman lapurtzen dizkigun». Otegi Txillardegiri mintzatuzitzaion, eta bere «leialtasuna eta zintzotasuna» goraipatu zituen. «Siglen gainetik, Euskal Herriaren helburuekiko leialtasuna erakutsi duzu. Zintzotasuna ere bai, egiak min egiten zuenean erepentsatzen zenuena esaten baitzenuen». Gutunean dioenez,«termino estrategikoetan» garatu zuen pentsamoldea Txillardegik, eta bide horretanjarraitu behar da: «Pentsamolde estrategikoa erabiliz, euskal utopia zein den birdefinitu beharrean gaude». Egungo faseak, euskal kulturaren berpizkunde bat behar duela uste du Otegik, eta irakaspena Txillardegik utzi duela. «Erakutsi diguzu ez dagoela proiektu askatzailerik euskara eta euskal kultura proiektu horren zutabe bezala ez badira ulertzen».

«Poza sentituko zuen»

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteko kideek ere parte hartu zuten omenaldian. Elkarteko kide Igone Lamarainek esan zuen omenaldirik onena «bere bideari jarraitzea dela, euskaldun eta harro». Ekitaldiaren amaieran, txalo artean, Jone Forcada Txillardegiren alarguna eta haien bi seme- alaba igo ziren agertokira: «Ziur nago sentituko zuela euskaltzale piloa ikustean poza», adierazi zuen Forcadak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.