Gudari Eguna

Omenaldia egin diete Zarautzen Txiki eta Otaegiri

Ahaztuak-ek salatu du Espainiako Gobernuko ordezkariak debekatu egin duela Iruñean gaurko antolatutako ekitaldia.

Zarauzko ekitaldia. GORKA RUBIO, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2018ko irailaren 27a
16:01
Entzun

Duela 43 urte fusilatu zituzten Juan Paredes Manot Txiki eta Anjel Otaegi ETAko kideak, FRAPeko hiru kiderekin batera. Zarauztarra zen Txiki eta nuarbetarra Otaegi. Horiek hala, eta Gudari Egunaren inguruan ekitaldiak egingo dituzte gaur bi herri horietan.

Eguerdian jarri dute ordua Zarauzko hilerrian: 12:00etan egin diete omenaldia Txikiri eta Otaegiri. Arratsaldean, berriz, 19:00etan, Nuarbeko hilerrian egingo dute lore eskaintza, Otaegiren omenez.

Asteburuan ere izango da ekitaldirik. Igandean, mendi martxa egingo dute, eta, eguerdian, omenaldia egingo diete herrian Otaegiri eta Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru Kurro-ri eta Pedro Mari Isart Pelitxo-ri.

Franco diktadorea ohean hil aurreko aldi horretan, 1975eko irailaren 27an, erregimenaren fusilamendu batailoiek hil zituzten ETAko bi kideak eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz. Otaegi Burgosko kartzelan hil zuten, lekukorik gabe, 08:35ean. Txiki, Sardanyolan, Collserolako hilerrian gora igota.

Nafarroan, ezin

"Terrorismoa goratzea" dela ebatzita, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak Jesus Arastik debekatu egin du gaur arratsaldean Iruñean egitekoa zuten ekitaldia. Ahaztuak 1936-1977 plataformak salatu du faxismoaren aurka borrokatu zutenak omentzea zela haren helburua, eta ez besterik. "Francoren ingurukoek lotutako transizio baten ondorioak dira hauek, zeinak biktimatzat dituen Meliton Manzanas eta Carero Blancoren gisako zerbitzari frankistak, eta aldiz, hiltzailetzat hari aurre egiteagatik fusilatu zituzten Txiki, Otaegi, Baena, Sanchez Bravo eta Sanz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.