Donostian egin zen lehen mintzalagun promozioa, 1993an, eta hogei urte hauetan milaka euskaldunek parte hartu dute egitasmoan. Horregatik, mintzalagunak omenduko dituzte ikasturte honetan, "euskararen alde egunerokoan alea jartzen duten superheroiak", atzo Euskaltzaleen Topaguneak eta Bagera elkarteak azaldu zutenez.
Aurten ere abiatu da mintzapraktika egiteko izena emateko kanpaina. Horretarako beharrezko informazioa herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean eta www.mintzalaguna.org webgunean aurki daiteke. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira. Izena emateko kanpainan Aitziber Garmendia eta Kepa Errasti aktoreek parte hartu dute, zenbait mintzalagunekin batera.
Hegoaldeko hiriburuetan indartu da
Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak atzo prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, mintzalagunen ahaleginari esker biziberritzen da euskara, "eta superheroiak bezala, sarri ikusezinak izaten dira". Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun elkartu ziren Euskal Herri osoko egitasmoetan. Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak (Donostia, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo ingurua).
Aitziber Gurutzeaga Bagera elkarteko kideak azaldu du nola sortu zen egitasmoa, Donostian. "Orduko kide batzuen artean kezka piztu zen euskaltegiko ikasleek euskara erabiltzeko zituzten zailtasunak ikusita. Horregatik, mintzapraktika modu atsegin eta erraz batean egiteko Mintzalaguna ekimena antolatu zuten”.
Hastapenean, dozena bat lagun
Hasiera batean dozena bat bagerakide euskara ikasle banarekin elkartzen zen euskaraz mintzapraktika egiteko. Lehenengo urratsak egiten hasi eta Mintzalagun egitasmoa hezurmamitzen joan zen, gaur egun hartu duen hedapeneraino. Gurutzeagak gaineratu duenez, Donostian 230 lagun inguru aritzen dira orain. “Asteroko zitan jariotasuna eta ohitura lortu ahala, mintza taldeetatik kanpo gero eta gehiago erabiltzen dute euskara beraien ingurunean, lanean, lagun giroan, zein familian”.
Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude.