Hezkuntza

Oñatin dena prest dute irailaren 24an Kilometroak jaia hartzeko

Antolatzaileek abisu eman dute Udanako mendatea autoentzat itxita egongo dela; soilik autobusak pasatu ahal izango dira.

arantxa iraola
2017ko irailaren 14a
10:00
Entzun

Oñatin egingo dute aurten Gipuzkoako ikastolen festa, Kilometroak. Usadioa apurtu dute, eta aurten jaia ez da urriko lehen igandean izango: irailaren 24an da. Gaur goizean, Txantxiku ikastolako arduradunek prentsaren aurreko agerraldi bat egin dute Donostian, eta egun handiaren aurreko hainbat jakinarazpen egin dituzte. Adierazi dute, esaterako, autoz joan nahi duten denek Bergarako Elorregi auzotik heldu beharko dutela Oñatira. Ahal dela, gertukoei behintzat, bizikletaz joateko deia egin diete. Autobusak lehenesteko deia egiten da halakoetan, baina aparkalekuak prest egongo dira autoz doazenentzat ere.

Lau gune nagusi izango ditu zirkuituak, eta egitarau oparo bat. Horren barruan, gainera, Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa sartu dute, urtero Oñatin egiten dena; zirkuituaren bigarren gunean bertan egingo da, Santa Lutziako zelaian. Egitarauan aparteko lekua izango du, baita ere, Erronka egitasmoak; gaztetxoentzat izaten da, haiek festan tokia izan dezaten. Izan ere, prebentzioa eta jaiak era osasuntsu batean bizitzeko xedea ere lehenetsi dituzte igaro urteotan ikastolen aldeko jaiek. Aurten, gainera, dema guztiz saihestu gabe "lehiakortasunari" garrantzia kentzeko ahalegina egingo dute, eta, ororen gainetik, festa giroa gailentzea nahi dute.

50 urte egin ditu Txantxiku ikastolak, eta zentroko arduradunek adierazi dutenez, ilusio handiz prestatu dute egitaraua. "Bizipenez beteriko 50 urte biribilduko ditugu irailaren 24ko jai erraldoiarekin", adierazi du ikastolako zuzendari Zigor Ibarzabalek. Lortzen duten diruarekin 0-6 urte bitarteko ikasleentzat atondu duten proiektu pedagogiko berria gauzatzeko egin dituzten eraldaketa arkitektonikoak ordaindu nahi dituztela esan du. Aurretik behin eginda dago Kilometroak jaia Oñatin, 1989. urtean.

Aurten jairako Lekaixoka! leloa hautatu dute Txantxiku ikastolan. Oñatin ohikoa den hitza da, eta zentroko presidente Aitor Guridik gogora ekarri du gaur zer esan nahi duen. "Lekaixo hitzak oihua, irrintzia, imintzioa, deiadarra esan gura du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.