Ondarearen gaineko zerga berriro ezarri du Nafarroako Gobernuak

Oinarrizko errentaren aldeko protestagile batzuk Nafarroako osoko bilkura eten dute une batez. Bildu, NaBai eta Ezkerrako parlamentariek bat egin dute protestagileekin, eta Alberto Catalan presidenteak Victor Rubio Bildukoa bota du. Bilduko gainontzeko parlamentariek kaleratzea salatzeko Parlamentua utzi dute.

2011ko abenduaren 23a
18:36
Entzun

Nafarroako Gobernuak Ondarearen zerga berriro ezarri du gaur datorren urteko aurrekontuak onartzeko egin den osoko bilkuran. Hainbat neurri onartu dituzte, eta horien artean onartu dute Ondarearena. Iraganeko zergarekin alderatuta, zerga ordaintzeko gutxieneko baldintzak handitu egin dituzte eta 700.000 eurotik beherako ondareak libre daude ordaintzeko, eta etxebizitzen kasuan, 300.000 eurotik beherakoak.

Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga igo egin dute %18tik %19ra 6.000 eurora arteko kapital etekina dutenentzat. Gainera, 9.100 eta 17.000 euro arteko errenta dutenei lanagatik ezartzen zaien kenkaria jaitsi egingo da; hots kenkari txikiagoa izango da. Sozietate Zergan aurten amaitzen ziren pizgarri batzuk luzatu egingo dira urtebetez.

Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak aurrekontuak eztabaidatzeko osoko bilkura eten du gaur goizean oinarrizko errentaren aldeko protestagile talde baten protesta dela eta. Elena Torres Gizarte Politika kontseilaria hitz egiten ari zenean sartu dira protestagileak. Bildu, NaBai eta Ezkerrako parlamentariek bat egin dute protestagileekin.

"Kaleratze arbitrarioa"

Catalanek bota egin ditu, eta horiekin batera Victor Rubio Bilduko parlamentaria ere bota du Parlamentutik. Bilduko gainontzeko parlamentariak kaleratzea salatzeko euren kabuz joan dira. UPNk gertatutakoa penagarritzat jo du, eta salatu egin du protestagileen jokabidea: "Parlamentua eztabaidarako gunea da eta idea guztiek dute lekua, baina beti errespetutik adierazita", esan du ohar batean.

Bilduk argudiatu du "ahulenei eskubideak murrizten dizkien legearen kontra" protesta baketsua egin dutela eurek eta oposizioko gainerako taldeeko parlamentariek, eta azaldu du Rubiok ez duela besteek egin ez duten ezer egin. Horregatik arbitrariotzat jo dute bere kaleratzea.

Datorren urteko aurrekontuak atzo onartu zituzten Nafarroako Parlamentuan UPN eta PSNren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.