Indarkeria matxista

Ondarroako emakume bat bortxatu dutela salatu du talde feministak

Herrizaingo Sailak baieztatu du sexu eraso salaketa bat jaso zutela ekainaren 13ko gertaerengatik, eta gizonezko bat inputatu zutela. Elkarretaratzea egin dute, Ondarroako udalak deituta.

Erasoen kontrako elkarretaratze bat, Bilbon, 2017an. ARITZ LOIOLA, FOKU
2018ko ekainaren 26a
17:20
Entzun

Ondarroako (Bizkaia) gazte feministek salatu dutenez, herrian bortxaketa bat izan zen ekainaren 13an. Kontakizunaren arabera, herriko jatetxe batean lan egiten duten bi gizonezko eta emakumezko bat ohi gisan zerbait hartzera joan ziren beren lana amaitutakoan. Emakumezkoa zorabiatuta sentitzen hasi zen, eta etxera abiatu zen. Gizonezkoek bidea itxi zioten, ordea. Gero zer gertatu zen ez daki, zentzumena galdu zuelako, baina, esnatu zenean, bi lankideak bera bortxatzen ari zirela jabetu zen. Ihes egitea lortu zuen.

Herrizaingo Sailak baieztatu du salaketa izan zela, gizonezko bat inputatu zutela eta epaiketa azkarrera deitu zutela.

Gazte feministek, gainera, bortxatzaile jotzen dutenetako bati exijitu diote "isiltzeko, manipulatutako grabaziorik ez erakusteko, eta epaile batek jarritako urruntze agindua betetzeko". Bortxaketa salatu eta erasotzaileak "herritik botatzeko" eskatu diete, gainera, herritarrei.

Ondarroako Udalak ere salatu egin du "sexu erasoa", eta elkartasun eta babes osoa azaldu dizkio emakumeari eta haren inguruari. Bere esku dituen baliabide guztiak eskaini dizkio, eta "bigarren biktimizazioa ekiditeko" beharrezko neurriak hartuko dituela jakinarazi du. Gainera, indarkeria matxista salatzen duten emakume guztiei babesa azaldu die: "Haiekin gaude, sinisten diegu eta gure babes eta elkartasun osoa izango dituzte".

Ondarroan, elkarretaratzea egin dute 20:00etan, udalak deituta.

Beste eraso bat, Hernanin

Hernanin ere sexu erasoa salatu du emakume batek. Erasoa joan den larunbat goizaldean gertatu zen, herriko San Joan festetan. Gaur arratsaldean, manifestazioa egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.