San Ignazio kaleko 44A eta 44B atarietakoak gaur itzuli ahal dira etxera, 09:30etik aurrera. Hori jakinarazi zuen Ondarroako Udalak atzo arratsaldean, Kofradia Zaharrean bizilagunekin edukitako bileran.
Udalak mendiko finantzaketa plana aurkeztu zuen geologoekin izandako azken bileran, eta egoera ikusita lanen zatirik garrantzitsuena burutuko dela baieztatu zuten; orain, bizilagunak etxera itzultzea onartu dute teknikariek.
Itzuli ezin diren San Ignazioko bizilagunak —atarietan kalteak dituztenak alde batetik, eta etxebizitzak apurtuta dauzkatenak bestetik— “ahalik eta arinen” etxera itzultzea da Ondarroako Udalaren helburua. Horren harira, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak nabarmendu du aurreikusten dutela “etxebizitzak ondo dauzkaten baina atariak kaltetuta dauzkaten bizilagunak andramarietarako etxean egotea”. Etxebizitza barruan kalteak dituzten bizilagunek, berriz, gehiago itxaron beharko dute; espero dute horiek urtarrilerako etxean egotea. Urrian, fatxada eta terrazak konpontzen hasiko da udala, eta, lan horien ostean hezetasun kengailuek 60 egunez lanean egon behar dutenez, horrek atzeratu egingo du itzulera.
Saiñazio Mendi Azpixan gestorako bozeramailearen berbetan, albiste ona izan da, eta "nahiko pozik" daude; “baina poza erabatekoa izateko, beharrezkoa izango da oraindik ere kanpoan dauden zazpi familiak euren etxebizitzetara itzultzea eta aurreikusitako data guztiak betetzea”.
Halaber, nahiz eta familia gehienak San Ignazioko etxebizitzetara itzuli, mendiko lanek dirauten bitartean euren egunerokoak baldintzatuta jarraituko duela nabarmendu dute: “Mendi magalean lanean ari diren bitartean, etxeen atzeko aldeak itxiko dituzte, egurrez, segurtasunagatik”. Esan dute arazoa ez dagoela erabat konponduta, eta gestorak orain arte bezala lanean jarraituko duela.
Udalak aitortu du ulertzen dituela familia horien urduritasuna eta ezinegona, eta lantalde bat eratzeko asmoa duela haiekin informazioa zuzenean trukatzeko. “Informazioa zuzenean kaltetuek jasotzea garrantzitsua da guretzat, haien kezka eta ardurak jaso eta posible dugun neurrian zalantzak argitzeko”, azaldu du Bedialaunetak.
Diru premia
Bizilagun gehienak etxera itzultzeko moduan dauden arren, lan guztien kostua oraindik ere ordaindu gabe dagoela gogorarazi du udalak: “Lanak bideratzea lortu dugun arren, oraindik ere Kamiñaldeko mendi magala egonkortzeko lan guztiak ordaintzeko dirua falta zaigu”. Gainera, diru premiak eta lanak ordaindu behar izateko banketxeekin eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz hitzartutako maileguek asko kezkatzen dute udala. Lanen zati bat ordaintzeko, 4 milioiko mailegua eskatu behar izan zuen, herriak urte beterako duen aurrekontuaren erdia zorpetuz.
Kezka handiz mintzatu da alkatea gai horren inguruan gaurko bileran: “Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, herriarentzako berebiziko garrantzia duten hainbat proiektu egin barik geratuko direlako: Kamiñazpiko urbanizazio proiektua, futbol zelaiko azpiegiturak hobetzea, Kaleandiko igogailua eta beste asko…”. Baina, ildo beretik, Bedialaunetak gogorarazi du “udalean herriaren mesedetan lanean” jarraituko dutela eta “beharrezkoa den leku guztietan joko dutela atea”, herrian behar-beharrezkoak diren proiektu guztiak gauzatu ahal izateko.
Beste alde batetik, Ondarroako Udalak eskari zuzena egin die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari: “aurten egin ez bezala”, Ondarroako gaia beren aurrekontuetan aurreikusteko. Udalak gogorarazi du ez Eusko Jaurlaritzak eta ez Bizkaiko Foru Aldundiak ez dutela aurrekontuetan dirurik jarri Kamiñaldeko arazoa konpontzeko, eta horrek “azken momentura arte finantzaketa ezin lotuta” ibiltzea ekarri diola udalari. “Hurrengo urtean Ondarroa Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuetan kontuan hartzea nahiko genuke”.
Lanbideren bulegoa
Kamiñaldeko mendi magala erori baino lehenago zegoen leku berera itzuliko da Lanbideko bulegoa ekainaren 27an. Horrenbestez, Lanbidek, ekainaren 27tik aurrera, San Ignazioko bulego berrian eskainiko die zerbitzua enpresa eta norbanakoei.