Argi esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur: «Bai, alarma egoera bukatzeko prest nago». Ostegun goizean bilduko da Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua, eta, azken orduko aldaketarik ez bada, ostegun gauerdian amaituko da hirugarren fasea Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan. «Ezer ez dela okertuko» espero du lehendakariak.
«Osasun irizpideetan oinarrituta» hartuko du erabaki hori. Atzo egoeraren ebaluazio bategin zuen Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera, eta hark jakinarazi zion pandemiaren garapena «oso ona» dela. Hala ere, Osasun Sailak beste txosten bat osatuko du biharko, Gobernu Kontseiluak azter dezan. Urkulluk gaur esan duenez, Espainiako Osasun ministerioak Jaurlaritza zoriondu du, «pandemiaren garapenaren inguruko datu onengatik».
Alarma egoera bertan behera geratzen bada, herritarrek posible izango dute Kantabriara (Espainia) joatea ostiralean bertan. Lehendakariaren arabera, «euskal herritar askok dute bigarren etxebizitza han, eta interesgarria izan daiteke asteburu honetan normaltasun irudi hori ematea». Urkulluk ez dio uko egin Miguel Angel Revilla Kantabriako presidentearekin irekieraren inguruko ekitaldiren bat egiteari ere.
Nafarroara mugitzeko, gutxienez astelehenera arte itxaron beharko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek; han, alarma egoerak indarrean jarraituko du ordura arte. Aldi berean, Urkulluk gogorarazi du Iparraldearekin duten muga zabaltzeko ere lanean dabiltzala, eta Akitaniako Berriko presidentearekin batera hainbat gutun helarazi dizkiela Parisko eta Madrilgo gobernuei, mugikortasuna ahalbidetzea eskatuz.
Alarma egoera indargabetuta ere, Urkulluren ustez, «ezer ez da konfinamendua ezarri baino lehen bezala izango». Espainiako Gobernuak joan den astean onartu zuen «normaltasun berria» arautuko duen dekretua: Hego Euskal Herrian aurrerantzean ere derrigorrezkoa izango da, besteak beste, maskara erabiltzea eta metro eta erdiko tartea mantentzea. Murgak sinatuko du «normaltasun berriaren» mugak ezarriko dituen agindua.
Hamahiru positibo berri
Osasun sailburuak eguneko datuen berri ere eman du, azaldu duenez, horiek erakusten baitute «pandemiaren garapen positiboa». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez zen inor hil atzo koronabirusaren ondorioz, eta egin ziren 3.465 PCR proben bidez hamahiru positibo atzeman ziren: sei Araban, bost Bizkaian, eta bi Gipuzkoan. Murgaren arabera, «euste fasetik zainketa aktiboaren fasera» igaro dira.
Azken egunetako kutsatze foku berriei dagokienez, Basurtuko (Bilbo) eta Txagorritxuko (Gasteiz) ospitaleetako egoerak «kontrolatuta» daudela adierazi du: «Gainera, horiez gain, ez dugu beste kutsatze fokurik aurkitu». Basurtun, 42 lagunek eman dute positibo COVID-19aren proban, atzo baino bat gehiagok; Txagorritxun, hamabostek, bi gehiagok.