Klima aldaketa uka ezin daitekeen errealitatea da». Zorrotz eta zuzen ohartarazi du Mario Molina Kimikako Nobel saridunak. «Interes taldeek gogor estutu dute hori ezkutatzeko, batez ere AEBetan, baina egun gertatzendiren hondamendien erantzule nagusietako bat gizon-emakumeok gara». Hain zuzen ere, klima aldaketaren adierazle diren gertaera horiek, direla uholde, tifoi edo muturreko lehorteak, %90 inguru giza jardueraren ondorio dira.
Ikerbasquek gonbidatuta Euskal Herrian egon da egunotan Molina, klima aldaketaren alorreko Euskal Herriko adituekin bilduta. Ingurumen arloko gaietan Barack Obama presidentearen aholkularia da. Molinak gogorarazi du AEBak, ekonomikoki zuten hegemonia galdu duten arren, oraindik ere CO2 isurtzaile nagusietakoak direla.
Hala, garrantzitsua iruditzen zaio herrialde hartan arreta jartzea. Izan ere, kezkaz hartu ditu azken hauteskundeetako emaitzak. «Krisi ekonomikoaren ondorioz, herritarrek langabeziari ematen diote lehentasuna. Eta Obama zigortzeko edo, legegilea Alderdi Errepublikanoaren esku geratu da. Senatuak ez du klima aldaketari edo efizientzia energetikoari dagokion neurririk hartuko, errepublikanoek klima aldaketa ukatzen dutelako», azaldu du. Hala, Obamak lan egiteko oztopoak izango dituela uste du.
Edonola ere, neurriak hartu behar direla dio, eta azkar. Batetik, klima aldaketa gutxitzeko lan egin behar dela dio, baina bereziki egokitze neurriak pentsatzen hasteko garaia dela. Alegia, klima aldaketak eragingo dituen ondorioei aurrea hartzeko ordua iritsi dela iruditzen zaio Molinari. Itsas mailaren igoeraren adibidea jarri du hori azaltzeko: «Igoko dela badakigu, baina ez dakigu zehatz noiz izango den, ez eta zenbat igoko den ere. Gertatzen denerako prest egon behar dugu, ordea, eta horretarako gaurdanik hasi behar da lanean».
Akordioaren premia
Neurriak azkar hartu ezean, ondorioak latzak eta ezin itzulikoak izango dira, Molinak dioenez. «Arrisku onartezina da, bai ekonomikoki, bai moral aldetik», azaldu du. «Ondorioek ekarriko dituzten kostuak baino merkeagoa da klima aldaketari aurre egitea». Aseguruetan gastatuko litzatekeena bera efizientzia energetikoak eskatzen duen dirua baino gehiago da.
Datorren astelehenean klima aldaketari buruzko goi bilera egingo du NBEk Mexikon. Akordiorik lortzea zail ikusten du. Hala ere, aurrerapausoak emango direla iruditzen zaio, erdiko epera behin betiko akordio estrategikoa lortzeko. Garapen bidean dauden herrialdeak dira oztopo nagusia; haien ustetan, garapenari enbarazu egiten diote klima aldaketaren aurkako neurriek. Molinaren ustez, herrialde garatuei dagokie laguntzea. «Ingurua suntsituz aberastu dira, ezeren ardurarik hartu gabe. Orain ezin diete atzetik datozenei klima aldaketaz kontzientzia hartzeko eskatu, musu truk. Justizia kontua da», azaldu du.
Berri onik ere eman du Molinak. Ozono geruzako zuloa aurkitu zenean, debekatu egin zen hura sortzen duten elementuak isurtzea. Izan ere, ez dira berez desagertzen: atmosferan jarrai dezakete ehun urtean. «Gaur egun, kopuru txikiagoak neurtu dituzte, ordea». Martxa honetan segituz gero mende erdialdean zuloa ixten hasiko dela iragarri du Molinak.
Ondorioei aurrea hartzen hasteko garaia
Mario Molina Kimikako Nobel sariduna ozono geruzako zuloa aurkitu zutenetako bat da. Beldur da krisi ekonomikoak klima aldaketari aurre egiteko akordioa atzeratuko ote duen. Edonola ere, behin betiko akordio estrategikoa posible ikusten du erdiko epera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu