Bostak Bat Elkartearen webgunean (Bostakbat.org ) irakurri eta aspertu arterainoko zerrenda osatzen dute Rikardo Badiola Uriartek (Muxika, 1948) ondu dituen lanak, sortzezkoak bezainbat itzulitakoak. Asko eta asko, Euskaltzaindiaren Argitalpen Zerbitzuko buru izan denez eginak. Bat —Filologia Erromanikoa egin ondoko tesina, bertsolaritzaz—, bestek berendu eta Madrilen kaleratua. Perpaus soil eta konposatuez ere badu lan bat egina, Euskaltzaindiaren B maila eskuratzeko ikerketa-tesina.
Bizkaiko Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundearen sortzaileetarikoa eta Gabriel Aresti eta Bilbo Zaharra euskaltegien eragile, euskara irakasle han eta hemen… Egin behar zenean egin du Badiolak, dakigunetik ez dakigunera, esan gogo duenez: Euskalduntzen metodoa, Euskal Hiztegi Modernoa, Diccionario 80 hiztegia, Diccionario 2000 hiztegia eta Adorez hiztegietan hartu du parte, besteak beste. Euskaltzain urgazlea da, 1983an izendatua.
Muxika, Euba, Bizkaia eta Bilbo ditugu, nagusiki, Rikardo Badiolaren lekuak, hara eta hona egin dituen ibiliak gorabehera: Holanda, Belgika, Paris, Amerikako Estatu Batuak, Mexiko, Israel…
Erretiratuta, tesia du helburu: "Oiz-Goroño-Bizkargi ibarreko euskara-lexikoa, Oikonomia, eta zenbait Onomastika puntuez". Lan horren bidez, bizian erakutsi duten hiztegi zaletasunari loturik segituko du Rikardo Badiolak, bertan bilduko ditu Muxikako baserri, erreka, pinudi eta landa eta gainerakoen izenak. Horiek, eta hizkera bera. "Berbeta, batez ere. Oiz menditik Bizkargira bitarte dagoen ibarrean egiten den euskara bildu nahiko nuke. Eta hika, zuka, eta berorika!... Gaur egun, batak besteari berorika hitz egitea adar jotzea da. Oso jende gutxik daki berorikan. Gure aita defuntuak txapela eranzten zuen eta berori egiten zion abadeari. Gure artean, jolasean eta adarra jotzeko, berorika egiten genuen Jose Luis Lizundiak eta Juanjo Zearretak. Jolasean, txantxetan eta adarrean".