Edemak nola bilakatzen den ikusi nahi dute medikuek, eta horregatik Donostiako Ospitalean ingresatuta jarraitzen du ostiral goizaldean erasoa jasan zuen Andoaingo (Gipuzkoa) 19 urteko neska gazteak. Hala ere, onera egiten ari dela eta laster zainketa berezietarako unitatetik gela arrunt batera eramango dutela agertu dute neskaren senitartekoek. Halaber, jipoiak ez diola epe luzerako ondorio txarrik utziko uste dute medikuek.
Ostiral gauean herriko festetan ibili zen neska bere lagunekin, eta goizaldean, lagunetatik banatu eta etxera iristeko ehun bat metro falta zitzaizkiola eraso egin zioten. Neskak berak Ertzaintzari agertu dionez, gizonezko batek harrapatu eta garaje batera eraman zuen indarrez.Agi denez, sexu erasoa egin nahi zion. Nolanahi ere, jipoi handia eman zion eta korderik gabe utzi. Gero, handik hurbileko orube batera eraman bide zuen, eta han aurkitu zuen neska larri eta konorterik gabe goizeko zazpiak aldera txakurrarekin zebilen emakume batek.
Biktimak emandako azalpenekin ustezko erasotzailea identifikatu du Ertzaintzak, eta bila dabil. Polizia iturrien arabera, adingabeko mutil bat litzateke.
Atzo elkarretaratzea egin zuten Andoainen erasoa salatzeko. Udalak bere gaitzespena agertu du eta neskaren familiari ahal duen guztiak laguntzeko prestutasuna agertu dio.
Emakumeen kontrako indarkeria
Onera egin du Andoainen eraso zioten neska gazteak
Edema du burmuinean eta masailezurra hautsita, baina bizitza ez du arriskuan. Medikuen arabera, jipoiak ez dio epe luzera ondorio txarrik utziko. Ostiral goizaldean eraso zioten 19 urteko neska gazteari, lagunekin herriko Sanjoan jaietan ibili ostean etxera zihoala. Agi denez, sexu erasoa egin nahi izan zioten. Neskak emandako argibideen bidez ustezko erasotzailea identifikatu du Ertzaintzak eta haren bila dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu