Eguraldiaren pare ibili ziren iruindarrak atzo, eta harrera ezin beroagoa egin zioten Korrikari. Jendetzak hartu zituen Nafarroako hiriburuko karrikak. Helduek eta haurrek, korrika edo bizikletaz, denek eman nahi izan zioten ongi etorria AEKren euskararen aldeko bestari. Eta bide batez, haien oihuen bitartez, Iruñeko eta Nafarroako agintariei gogoratu zieten herritarrek euskaraz bizi nahi dutela herrialde horretan.
Buztintxuri auzotik sartu zen Korrika Iruñean, arratsaldeko 19:00 aldera. Berriozartik ailegatu zen lasterketa jendetsua. Buztintxurin, ordurako, herritarrak Korrikarekin bat egiteko zain ziren. Haurrak ziren haietako anitz, lasterketari ongi etorria emateko irrikan.
Buztintxuritik Sanduzelai auzorantz abiatu zen Korrika. Han ere, lasterketa ailegatu baino lehen, giroa berotzen aritu ziren auzoko lagunak. Zer jan eta zer edan ez zuten faltan korrika egiteko prest ziren herritarrek, eta, horri esker, jasangarriago bilakatu zuten eguzki azpiko egonaldia.
Ez zuten luze zain egon behar izan, dena den. Korrikak bere ordutegia bete zuen, eta 19:18 aldera ailegatu zen auzora. Sanduzelaitik Txantrearako bidean, handitu baino ez zen egin korrikaren tropela. Karrika bazterretan jendetzak bat egin zuen, halaber, lasterketako kideak txalotzeko asmoz.
Arrotxapean sartu aurretik, Sanduzelaiko hainbat karrikatan barrena ibili ziren korrikalariak. Eta ederki berotu zuten giroa. Iruñeko alkate Yolanda Barcinari zuzendu zizkioten beren lelo eta oihu gehienak, eta behin eta berriz erran zioten Iruñea euskalduna dela. Ofizialtasunaren alde egin zuten, halaber, Korrikan parte hartu zuten guztiek.
Haurrak protagonista
Arrotxapea auzotik Antsoainen sartu zen Korrika, Kaputxinoen egoitzaren paretik. Korrikaren burua han zegoela, tropelak Marcelo Celayeta osoa betetzen zuen. Korrikalarien buruak baino ez ziren igartzen lasterketaren aurreko aldetik. Karrika guztia zen euskararen aldeko aldarri bihurtutako jende multzoa.
Besta giroa nabarmena izan zen Korrikak Iruñean egin zituen lehendabiziko kilometroetan. Antsoainen, halaber, hainbat musikarik eman zioten ongi etorria lasterketari, eta antolatzaileek biziki eskertu zuten. Eguraldiak ere lagundu zuen besta giro hori zabaltzen, eta egun argia lagun, karrika guztiak bete ziren jendez. Haurrek toki nabarmena bete zuten lasterketan, eta Iruñeko ibilbideko une anitzetan haien esku egon zen Korrikaren lekukoa. Irribarrea aurpegian, gustura hartu zuten denek haien gain lekukoari eusteko ardura.
Antsoaindik atera, eta Txantrea izan zen Korrikaren hurrengo helmuga. Iruñean sartu zen, berriz ere, lasterketa. Beroari aurre egin zioten korrikalariek, eta eutsi zioten tropelean. Bizikleta hautatu zuten anitzek lekukoaren atzetik joateko.
Txantrea zeharkatu eta gero, Iruñetik atera zen lasterketa, eta Burlatako karriketan sartu zen tropela, bere mezua zabaltzen jarraitzeko prest. Han ere harrera beroa egin zioten. Txantrean amaitu zuten iruindar anitzek bidea, eta gauez Korrika Alde Zaharrera noiz itzuliko zain gelditu ziren. Burlatako herritarrek hartu zuten lekukoa. Inoiz ez gelditzea, hori baita kontua.
17. Korrika
Ongi etorri ezin beroagoa
Korrika Iruñera ailegatu da, eta Nafarroako hiriburuko herritarrek harrera jendetsua egin diote euskararen aldeko lasterketariEuskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute parte hartzaileek hiriko bide osoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu