'Egunkaria' auzia

Ongietorri hunkigarria egin diote Xabier Oleagari Martin Ugalde Kultur Parkean

'Egunkaria'-ren aurkako operazioaren barruan joan den otsailaren 20an atxilotu eta astelehen gauean behin-behineko askatasunean espetxetik atera zen Xabier Oleagari ongietorri hunkigarria egin berri diote Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean. Espetxean izan den zortzi hilabete luze horietan jaso duen elkartasun eta babesagatik eskerrak eman ditu Oleagak; halaber, oraindik espetxean diren Xabier Alegria eta Iñaki Uria gogoan izan ditu. Batik bat azken hori, 'Egunkaria'-ren aurkako auzia daraman Juan del Olmo epaileak baldintzapeko askatasuna ukatu baitio.

2003ko azaroaren 5a
20:01
Entzun
"Bihur dadila ekitaldi hau Iñaki Uriaren askapenaren aldeko aldarri ozena", esan du Xabier Oleagak Martin Ugalde Kultur Parkean berari ongietorria egitera bildu diren lagun ugarien aurrean egin duen hitzaldia amaitzeko.

Izan ere, 'Egunkaria'-ren aurkako auzia daraman Juan del Olmo epaileak bermepeko askatasuna ukatu dio Uriari —Oleagari bezala Xabier Alegriari ere eman dio aukera hori, baina Udalbilzaren sumarioan nahasi dutenez eta auzi horregatik baldintza gabeko espetxeratze agindua duelako familiak uko egin dio berme hori ordaintzeari—. Oleagaren iduriko, "mendeku gehigarri" bat da Del Olmok Uria kartzelan iraunaraztea, eta 'Egunkaria'-ren proiektuan Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari zenak duen garrantzia nabarmendu du. Hain justu, proiektuaren "lemazaina" Uria zela esan du Oleagak, eta 'Egunkaria'-ren inguruan biltzen zen "esparru sozial zabalak" hori etorkizunean presente izan behar duela.

Oleagaren aurretik Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko Partaide erakundeko lehendakariak —Partaideko komunikazio arduraduna da Oleaga— eta Joan Mari Torrealdai idazle, 'Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari eta otsailaren 20ko operazioan atxilotuak hartu dute hitza.

Espetxean zortzi hilabete eginagatik, Oleaga "irribarretsu eta argi" sumatu duela adierazi du Torrealdaik. "Irribarrea ez diate kendu. Umiliatu eta zapaldu egin haute, baina hautsi ez", esan dio Oleagari, eta halaber, kalean den ezkeroztik egin dizkioten elkarrizketak irakurrita "argi" dagoela: "Argi diagnosi eta analisietan". Halaber, Oleaga libre baina gainerako atxilotu gehienak bezala "behin-behineko askatasunean" dagoela azpimarratu du. Nolanahi ere, ezkortasunetik alde egin, eta mezu baikorra eman nahi izan du Torrealdaik, eta berehala Euskal Herriarentzako "soluzio bila" lanean hasteko gonbitea egin dio Oleagari.

Koldo Tellitu Partaideko lehendakariak ere unearen gazi-gozoa azpimarratu du. Gozoa Oleaga kalean delako, baina, era berean, oraindik Xabier Alegria eta Iñaki Uria espetxean direla oroitarazi du. Ildo beretik "erne" ibiltzeko garaiak direla nabarmendu du Tellituk, eta gogorarazi du Oleaga atxilotu zutenean Ikastolen Elkartetik hainbat konputagailu eta agiri eraman zituztela, eta haiek guztiak oraindik Espainiako Auzitegi Nazionalean direla. Egoera gaitz horretan, ikastolek egin dezaketen ekarpen handiena eguneroko lanean tinko segitzea dela esan du Tellituk.

Martin Ugalde Kultur Parkeko ekitaldira bildu diren lagun ugarien artean, asko ziren politikagintzako zein kultur arloko lagun ezagunak. Hala nola, ongietorrian izan dira Xabier Mendiguren Kontseiluko lehendakaria, Iñaki Etxezarreta, Jose Luis Sukia eta Zuriñe Mendizabal eta Erramun Osa Ikastolen Elkarteko buruzagitzakoak, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia, Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusia, Ana Izagirre Euskal Herriko Irakaskuntza Publikoko Gurasoen Elkarteko lehendakaria, Juan Mari Irigoien idazlea, Mikel Mendizabal bertsolaria, Joxean Lizarribar 'Berria'-ko Administrazio Kontseiluko lehendakaria, Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' pailazoa, Sabino Ormazabal kazetaria, Txema Ramirez EHUko irakaslea, Txema Auzmendi 'Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko idazkari eta otsailaren 20an atxilotua, Juan Mari Larrarte 'Berria'-ko Administrazio Kontseiluko idazkaria eta urriko operazioan atxilotua eta Iñaki Uriaren zein Xabier Alegriaren senitartekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.