Onik agertu dira Pirinioetan eta Aralarren galdutako sei mendizaleak

Asteburuko eguraldi makurraren ondorioz, mendiko aterpeetan gordeta egon behar izan zuten

Erredakzioa
2005eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Aralarren eta Huescako Pirinioetan (Espainia) sei mendizale ibili dira galduta asteburuan. Aralarren, Barañaingo (Nafarroa) hiru lagun galdu ziren igandean, eta Huescan, Ozako oihanaren inguruan, Bilboko hiru mendizale galdu ziren ostiralean. Sei mendizaleak, baina, onik agertu ziren atzo. Aralarren galdutako hiru lagunak euren kabuz iritsi ziren atzo goizean autoa zeukaten lekura, Guardetxera. Mendizale bizkaitarrak, berriz, Guardia Zibilak aurkitu zituen atzo, Infernuko Ahoa deitutako amildegitik gertu, Zurizako kanpinera itzultzen saiatzen ari zirela.

Joan den ostegunean iritsi ziren hiru mendizale bizkaitarrak Zurizako kanpinera (Huescako Anso harana). Antza denez, Roberto Sagredo, Julian Jimenez eta Fernando Cadena-to 46 eta 48 urte bitarteko mendizaleak sarritan joaten dira inguru horretara mendian ibiltzera, eta trebe moldatzen dira. Kanpineko langileek ostiralean, hilak 25, ikusi zituzten goizean goiz bertatik ateratzen. Acherito mendira joateko asmoa zutela azaldu zioten ezagun bati.

Igande arratsaldean ziren etxeratzekoak, baina Bilbora itzultzen ez zirela eta, senitartekoek larrialdi abisua eman zuten. Guardia Zibilak atzo goizaldean abiatu zituen bilaketa lanak Anso haranean. Kanpinera iritsi eta mendizaleen karabana aurkitu zuen han. Atea zabalik zeukan eta bizkaitarren agiri guztiak zeuden barruan. Baina elurretan ibiltzeko erraketak falta ziren. Asteburuan elurra 40 zentimetrotaraino egin du Anson eta inguruetan. Kanpineko arduradunetako batek azaldu zuenez, egunotan izandako elurteek mendian ibiltzea zaildu zuten. Onik aurkitu zituzten mendizaleak. Elur ekaitzak eraginda galduta egon ostean Tortiellako aterpean babestu zirela azaldu zuten mendizaleek. «Hotz handia eta gosea pasatu genuen. Ez genuen jatekorik. Egun bateko txangoa egiteko asmoa genuen», azaldu zion Julian Jimenezek Euskadi Irratiari. Iragarpenen jakitun, behe lainoarekin batera atzera egiteko asmoa zuten. Baina oztopoak izan zituzten. «Eguraldi txarrak lekurik okerrenean harrapatu gintuen». Zurizako kanpinera itzuli zirenean, senideak eta adiskideak zituzten zain.

Aralarko Guardetxetik hurbil

Aralarren galdu ziren hiru mendizale nafarrak atzo goizeko 09:30 aldera agertu ziren. Onik. Babesean eman zuten gaua, Igaratza izeneko bordan, Gipuzkoako aldean. Igandean, elurrarekin gozatzera joan ziren Aralarrera Jose Maria F. (37 urte), Jose Antonio C. (32) eta Ignacio E. (19). Ez zen hori, ordea, haien hasierako asmoa. Foruzaingoak jakinarazi duenez, senitartekoei Goñirako bidea hartuko zutela erran zieten.

Mendizaleen senideek SOS Nafarroara deitu ondoren, hain zuzen ere, Goñin aritu ziren haien bila lehendabizi. Baina autoaren arrastorik ez zutenez aurkitu, Aralarrera jo zuten. Han bai, Guardetxearen ondoan topatu zuten hiru lagunen ibilgailua.

Suhiltzaileak, foruzainak eta Guardia Zibila igandeko 22:00etan hasi ziren mendizaleen bila. Goizaldeko 04:00ak arte aritu ziren lanean. Baina ez zuten haien arrastorik aurkitu. Gainera, mendizaleek sakelako telefonorik ez zuten deitzeko. Elurretan txangoa egiten ari zirela, lainoak eta elur ekaitzak bidea trabatu ziela esan zuten. Aterpea bilatzea erabaki zuten, eta Igaratza izeneko bordan aurkitu zuten.

Atzo goizean, bordatik atera eta autoa utzi zuten tokirantz abiatu ziren, berriz ere, mendizaleak. Guardetxetik kilometro gutxi batzuetara aurkitu zituzten foruzainek eta haien lagunek. Autoz eraman zituzten hara, eta mediku batek azterketa egin zien. Onik zeuden.

800 metrotik gora elurra egingo duela diote meteorologoek



Eguraldi ilun eta euritsua iragarri dute gaurko, eta hobea biharko

erredakzioa

Asteburuan euria, txingorra eta elurra (500 metrotik gora) izan ostean Euskalmetek eta Espainiako Meteorologia Institutuak iragarri dutenez, gaur eguraldiak okerrera egingo du. Zeruak estalita egongo dira Euskal Herrian, eta euri zaparradak izango ditugu tarteka. Ekaitzak ere egon daitezke, Kantauri isurialdean batez ere. Elur-kota 800-900 metrotan egongo da, noizean behin 600 metrora jaits daitekeen arren. Tenperaturek ez dute gorabehera handirik izango. Beroenak 3-5 gradu bitartean egongo dira barnealdean, eta 7-9 gradu bitartean kostaldean.

Biharko eguraldiak hobera egingo duela iragarri dute meteorologia zerbitzuek. Euria egin dezake, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, baina egunak aurrera egin ahala pixkanaka atertzen joango da. Eguraldia hobetzearekin batera, elur-kotak ere gora egingo du; biharko 900 eta 1.500 metro bitartera igoko da. Zertxobait epelduko du. Tenperatura beroenek hiru gradu egingo dute gora barnealdean; hala, 6-8 gradu bitartean egongo dira. Kostaldean 10-12 gradura arte iritsiko dira. Errepideei dagokienez, egoerak, asteburuarekin alderatuta, hobera egin du. Zirkulazio arduradunek jakinarazi zutenez, Euskal Herrian atzo Belaguako mendatea bakarrik zegoen itxita eta Urbasakoan derrigorrezkoa zen kateak erabiltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.