Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak azaldu du atzo Manaslun hildako Adolfo Ripa Arizala iruindarraren gorpua Euskal Herrira ekartzeko beharrezko tramiteak egiten ari direla. Istripua izan zuten mendizaleekin harremanetan daudela azpimarratu du gobernuburuak, eta haiei behar dutenean laguntzen saiatzen ari direla.
Hain justu, Edurne Arrizibita mendizaleari elkarrizketa egin diote Euskalerria Irratian. Hark esan du istriputik onik ateratzea zorte kontua izan dela. "Bat-batean hots batzuk entzun ziren, eta hasi ziren harriak erortzen, kristoren harritzarrak, indar handiz, harri pilo bat. Eta, orduan, ahal izan genuen moduan gerturatu ginen alboan genituen arroketara". Ondo zeudenak harrien azpian harrapatuta zeudenei laguntzen hasi ziren, beldurrak airean: "Gerora batzuk atzean gelditutako batengana hurbildu ziren. Harri askoren azpian zegoen. Berari hitz egin, eta ez zuen deus esaten. Hori zen hil den gure laguna, Fito [Adolfo Ripa]".
Gaizki pasatu zuten, eta hala pasatzen ari dira, baina oso eskertuta daude bertakoek eman dieten laguntzarekin. "Taldeko guztiok eskerrak eman nahiko genizkieke Nepalgo jendeari eta istripua eduki genuen herriko jendeari. Izugarri jator portatu dira. Hurbildu ziren. Lagundu ziguten. Jendea erreskatatzen eta ohatiletan eramaten lagundu zuten. Gure xerpei ere bai, beren bizitza arriskuan jarri baitzuten gure laguna erreskatatzeko. Eta ospitalean ere oso ongi portatu dira".
Gehienak ongi egon zain daude Euskal Herrira itzultzeko.
Euskalerria Irratiarekin lotura duten hiru lagun zeuden atzo istripua izan zen lekuan: Amaia Lasa teknikaria, haren bikotekide Miguel Andres eta Edurne Arrizibita lankide ohia.