Igandean, 17:00 aldera deitu zuten SOS Deietara, Orreagara bidean galdu zirela ohartarazteko. Gune menditsu batean zeudela jakinarazi zieten larrialdi zerbitzuei, baina ezin izan zuten datu gehiagorik zehaztu.
Hego Koreakoak dira hiru erromesak, eta, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, informazio gutxi eman zieten larrialdi zerbitzuei. Estaldura kaskarra zela-eta, haiekin harremanetan jartzen saiatu ziren SOS Deietakoak, baina ez zuten erantzun.
Hiru erromesen bila abiatu ziren Erroibarko suhiltzaileak, Foruzaingoko Ingurumen unitateko poliziak eta guardia zibil ugari. Gauerdira arte aritu ziren, baina topatu ez, eta bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak. Ibañetako mendatea elurtuta dago, eta zailtasunak izan dituzte erreskate tresnak hara eramateko.