Gizartea

Onik aurkitu dute bere kabuz desagertu zen Zornotzako 12 urteko mutila

Iker Etxebarria atzo iluntzean ikusi zuten azken aldiz, ingeleseko eskoletatik atera ostean. Lemoan aurkitu du Ertzaintzak, arratsaldean, mendi pista batean. Osasunez ondo dago. Mutilak ertzainei esan die bere kabuz erabaki zuela gaua etxetik kanpo pasatzea.

2010eko martxoaren 9a
19:10
Entzun
Ertzaintzak 16:30ak aldera baieztatu duenez, onik aurkitu dute Iker Etxebarria Zornotzako (Bizkaia) 12 urteko mutikoa gaur arratsaldean, Lemoan, bere herritik bost bat kilometrora. Ertzainek topatu dute, mendi pista batean. Bakarrik zegoen eta goserik. Osasunez ondo dago mutila, eta zuzenean etxera eraman dute, erietxera eraman gabe.

Atzo iluntzeaz geroztik falta zen etxean. Zortzi eta erdiak inguruan ikusi zuten azken aldiz: ingeleseko eskola partikularretatik atera eta etxera abiatu zen lagun batetik. Hain zuzen ere, bakoitza bere etxera joateko adiskidea eta biak banatu zirenetik ez dute haren berririk.

Iker Etxebarriak berak ertzainei esan dienez, bere kabuz erabaki zuen gaua etxetik kanpo pasatzea. Artzain txabola batean egin du lo, Ertzaintzak esan duenez.

Desagertu zen unean Astore markako jertse urdin ilun eta marra gorriduna eta panazko praka urdin ilunak zeramatzan jantzita, eta hori erabakigarria izan da, Lemoa inguruko herritarrek hari buruzko informazioa eman diotelako Ertzaintzari, hura ikusi zutela esanez.

300 boluntario ibili dira atzotik Etxebarriaren bila, eta honen osaba Jorgek eskerrak eman dizkie haiei denei, ertzainei, udaltzainei, Guru Gorrikoei eta DYAkoei.

David Latxaga Zornotzako alkateak jakinarazi du mutila "harrituta" agertu dela desagerpena dela-eta sortu den guztiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.