gizartea

Onkologikoa pribatizatzeko "arriskuan" dagoela salatu du EH Bilduk

Osakidetzarekin duen hitzarmena aurten amaituko zaio. "Eta Kutxak oraindik ez du argitu zer egin behar duen", ohartarazi dute koalizioko kideek. Gizarte ekintzari eusteko eskatu diote Kutxabanki eta EAJri.

Berria.info
2013ko otsailaren 15a
14:19
Entzun

"Onkologikoa arriskuan dago". Hitz horiekin, Donostiako Onkologikoa pribatizatzeko arriskuan dagoela salatu du gaur EH Bildu koalizioak.

Onkologikoak Osakidetzarekin sinaturiko hitzarmena aurten bukatuko dela jakinarazi du. "Eta Kutxak oraindik ez du argitu zer egin behar duen, zein izango den Onkologikoaren etorkizuna".

Langileak ere kezkatuta daudela azaldu dute koalizioko kideek, eta Onkologikoaren etorkizunerako planak argitzeko eskatu dute.

"Orain arte kalitatezko zerbitzu publiko bat izan dena negozio huts bihurtu nahi dute. Gipuzkoarrentzat minbiziari aurre egiteko funtsezkoa izan den eta gaurkoz funtsezkoa den zerbitzua merkatuaren morroi bihurtu nahi dute", salatu dute Joseba Permach eta Iban Asenjo koalizioko ordezkariek.

Kutxabank pribatizatzeko bidean jarri eta kutxen gizarte ekintza zena "zapuzteko urratsak" egiten ari dela EAJ, hala uste du EH Bilduk. Horren ondorioen artean kokatu du Onkologikoa pribatiatzeko "arriskua".

%60ko murrizketa

Kutxabankek gizarte ekintza %60 murriztea erabaki duela eta kuntxen funtzio soziala "desagertzeko zorian" dagoela erantsi du koalizioak.

EAJk eta PPk, "PSE-EEren utzikeriarekin", kutxen "jatorrizko izaera amaitu nahi dute, kutxen izaera eta funtzioa soziala izan baita sorreratik", Permach eta Asenjo EH Bilduko ordezkarien hitzetan.

 

Nafarroako Kutxa "desagertzera" eraman zuen prozesuarekin parekatu du egoera EH Bilduk.

Gizarte ekintza murrizteak eta Kutxabank pribatizatzeak ondorio larriak izan ditzakeela ohartarazi du koalizioak. Tabakaleraren proiektuan ere eragina izango duela ohartarazi du.

"Interes pribatuak elikatzeko erabiltzen ari da gizartearen ondarea zena", salatu dute. EAJri eta PPri leporatu diete "kapitalaren interesen arabera" jardutea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.