Onkologikoko langileak osasun sare publikoan integratzeko eskatu du EH Bilduk

Koalizioak salatu du Osasun Sailak «eskura dituen osasun profesional eta baliabideak ez erabiltzea eta utzikeriaz jokatzea»

Onkologikoko langileen protesta. ONKOLOGIKOKO ENPRESA BATZORDEA
Maria Ortega Zubiate
2021eko abuztuaren 5a
13:42
Entzun

Donostiako ospitale Onkologikoko langileak mobilizaziotan ari dira, osasun sistema publikoan integratu ditzaten eskatzeko; eta EH Bilduk bat egin du aldarri horrekin. Rebeka Ubera koalizioko legebiltzarkidea eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako batzarkidea izan dira bertan, eta lehenak salatu du «onartezina» dela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Onkologikoarekin duen atxikimendu hitzarmena ez betetzea, bertako langileak sare publikoan ez sartuta; eta «eskura dituen osasun profesional eta baliabideak ez erabiltzea eta utzikeriaz jokatzea». Hori horrela, jakinarazi du prozesua azkartzeko exijituko duela, eta ekinbideak antolatuko dituela horren alde.

Onkologikoko Enpresa Batzordeak denbora darama haien egoera salatzen; azaldu dute 2019an hasi zutela Osakidetzako sare publikoan integratzeko plana, eta hiru urteren buruan bukatuta egon behar zuela, aurten alegia. Hala ere, hori ez dela gertatu adierazi dute, eta, zerbitzuak publikoak badira ere, zenbait langile Onkologikoa Fundaziokoak direla oraindik ere, eta ez Osakidetzakoak. Uberak azaldu du Osasun Sailari horren azalpenak eskatu zizkiotela, eta «kezkagarria» dela hitzarmenak aurrera egin ez duela ikustea.

Legebiltzarkideak, bestalde, salatu du ospitaleko baliabideak ez erabiltzea, argudiatuta hori egitea diru publikoarekin egiten den urteroko 23 milioi euroko inbertsioa «zakarrera» botatzea dela. Izan ere, batzordeko langileek salatu dute ospitaleko jarduna murrizten ari direla, eta eskaintzen dituzten oheen %40 ere ez dituztela betetzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.