Abokatuen kontrako polizia operazioa

Operazioan atxilotutako guztiak aske uzteko eskatu dute Madrilen

Dozenaka lagun bildu dira Reina Sofia Museoaren atarian 'Libre. Epaiketa politiko gehiagorik ez. Elkartasunetik konpromisora' lelopean.

Kontzentrazioa egin dute Madrilen. BERRIA
2015eko urtarrilaren 18a
09:41
Entzun

Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere izan du oihartzunik Espainiako Poliziak egindako azken operazioak. Gaur bertan hamarnaka lagun bildu dira Madrilen abokatuen atxiloketak gaitzetsi eta "epaiketa politikoak" salatu asmoz.

Libre. Epaiketa politiko gehiagorik ez. Elkartasunetik konpromisora lelopean egin dute elkarretaratzea Reina Sofia Museoaren atarian. Bestelako afixak ere ikusi dira, hala ere, bilkuran, besteak beste, Utzi bakean euskaldunak ziotenak.

"Urtarrilaren 10ean 80.000 lagun baino gehiagok presoen eskubideak errespetatu eta espetxe politikak bete daitezela eskatu eta gutxira, Estatuak erantzun du horien defentsaz arduratzen diren pertsonak eta abokatuak atxilotuz", gaitzetsi dute deitzaileek, eta leporatu diote Gobernuari "terrorismoaren aurkako borroka" erabiltzea "errepresioa handitzeko".

Hala, eskatu diote Espainiako Gobernuari azken operazioan atxilotutako guztiak aske uzteko, auzi politiko guztiak artxibatzeko, jazarpena amaitzeko, salbuespen neurriak bertan behera uzteko eta bake iraunkorrerako oinarriak jartzen hasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.