Nafarroako Gobernuaren 2014ko aurrekontuen aurkako osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du PSNk eta horrek Nafarroako Gobernua behartuko du aurtengo aurrekontuak beste behin luzatzera. Aurretik EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak hartutako erabakiarekin bat egin dute sozialistek.
Gaur arratsaldean bildu da PSNren Lurralde Batzarra. Aldeko 62 boto (%95,3) jaso ditu ebazpenak, aurkako hiru eta abstentzio bakarra. PSNk dio Nafarroako Gobernuak 2014rako egitasmoa 2013an “abiatutako” murrizketen “jarraipen” bat baino ez dela. Era berean, salatu du sustapen ekonomikorako neurririk ez duela jasotzen. “Etsituta” eta “gaitasunik gabe” ikusten du UPNren gobernua PSNk.
PSN ez ezik, EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak ere aurkeztuko dituzte osoko zuzenketak. EH Bilduren ustez, gobernuaren aurrekontuak “onartezinak” dira, “bere inprobisazio mailagatik, ikuspuntuagatik eta edukiagatik”. “Benetan larria da herritarrek beste luzapen bat jasan behar izatea; are gehiago diru partiden %8ko murrizketa ekarriko duela baieztatu ostean”,esan du Bakartxo Ruiz bozeramaileak.
Geroa Bairen iritzian, berriz, gobernuak aurkeztu dituen aurrekontuak ez dira Nafarroak “une honetan” behar dituenak. Gobernatzeko “gaitasun eza” leporatu dio UPNri eta “etsipen mezua” zabaltzea herritarren artean. Sustapen ekonomikora bideratutako diru partidak “oso eskasak” direla salatu du Manu Aierdi eledunak.
Ezkerrarentzat ere 2014ko aurrekontuek ez diote erantzuten Nafarroako herritarren beharrei. “Ez dute balio ekonomia sustatzeko eta lana sortzeko”. UPN gobernutik kentzeko “beharra” azpimarratu du Jose Miguel Nuinek, eta oposizioko indarrei dei egin die “hauteskundean deitzeko” zentsura mozio bat babesteko. “Kontuak baztertzeko gehiengoa badago, baita ere egon beharko luke hauteskundeak deitzeko”.