Oposizioaren ia zuzenketa guztiak atzera bota dituzte PSE-EEk eta PPk

EAJ abstenitu egingo da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen bozketan, PSOErekin Madrilen duen akordioagatik

edurne begiristain
Gasteiz
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Oposizioko taldeek Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari aurkeztutako zuzenketa partzial ia denak atzera bota dituzte PSE-EEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean. 1.400 zuzenketa baino gehiago eztabaidatu eta bozkatu dituzte batzordean, eta gutxi batzuk bakarrik atera dira aurrera: EAJk proposatutako 446 zuzenketatik hiru baino ez dituzte onartu, eta Aralar, EA eta EBren zuzenketa bat bera ere ez. PSE-EEk eta PPk gehiengoa dute ganberan, eta haien botoekin bota dituzte atzera beste taldeen ekarpenak.

PSE-EEren jarrera kritikatu du EAJk, eta «errespetu falta» izatea leporatu dio. EAJk aurkeztutako zuzenketetatik onartu diren hirurek 90.000 euroko balioa daukate. Rikardo Gatzagaetxebarriak salatu du hiru zuzenketa onartu izana zerbait «testimoniala» dela, eta kritikatu du PP nagusi den udalei 9,5 milioi euro eta PSE-EEk gidatzen dituen korporazioei 6 milioi euro emango dizkiela. Nolanahi ere, Gatzagaetxeberriak iragarri du EAJ abstenituegingo dela hilaren 23an izango den aurrekontuen bozketan, PSOErekin Madrilen lortutako akordioa dela eta. Horri esker, besteak beste, 472 milioi euro eskuratuko ditu Jaurlaritzak enplegu politika aktiboen transferentziagatik.

Aralarrek ere kritika gogorrak egin dizkio PSE-EEri, zuzenketa bat bera ere negoziatzeko borondate politikorik ez duelako izan. «Berriz ere agerian geratu da gobernuaren izaera baztertzailea eta frontista», salatu du Aintzane Ezenarrok. Osoko zuzenketa ez ezik, 161 zuzenketa partzial aurkeztu ditu Aralarrek, eta denak atzera bota dizkiete PPk eta PSE-EEk. Besteren artean, estatuaren biktimentzako diru saila sortzearen aurka azaldu dira bi alderdi horiek; Aralarrek «oso larri» iritzi dio erabaki horri, eta gobernuari azalpenak eskatuko dizkiola iragarri du.

EBko Mikel Aranak «benetako gobernu koalizioa» egiteaeta oposizioaren zuzenketen gainetik «arrabola» pasatzea egotzi die PPri eta PSE-EEri.

Bestalde, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du «aukera gutxi» egon dela taldeen zuzenketak onartzeko, «toki batetik murriztutakoa beste toki bati gehitu behar zaiolako». Ordea, PP lehentasunezko bazkide dela etaharekin hitzartutako 200 zuzenketa onartzea posible izan dela aitortu du.

«Pozik» agertu da Mendia datorren urteko aurrekontuek Legebiltzarraren «gehiengoaren babesa» izango dutelako eta «gutxiengo batek» kontra bozkatuko duelako. Mendiak nabarmendu du PSE-EEk, PPk eta EAJk «erantzukizunez» jokatu dutela,Jaurlaritzako, Foru Aldundietako eta udaletako aurrekontuak aurrera ateratzea ahalbidetu dutelako.

Gipuzkoako aurrekontuak

Gipuzkoan, berriz, PSE-EE eta PP alderdien abstentzioarekin aterako dituzte aurrera aurrekontuak EAJk eta H1ek. Aralarrek kritikatu du azken urteetako aurrekontu «antisozialenak» onartuko dituela Gipuzkoako Aldundiak. Rebeka Ubera Aralarreko batzarkideak«babes soziala» hedatu nahi ez izatea leporatu die lau alderdioi.

Bide beretik jo du Gipuzkoako Ezker Batuak ere. Arantza Gonzalezek kritikatu du EAJk, H1ek, PSE-EEk eta PPk bat egin dutela EBren 110 zuzenketa partzial atzera botatzeko, «aurrekontu sozialagoak eta justuagoak izatea oztopatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.