Lege egutegiaren atzerapenaren inguruan azalpenak eman zituen atzo Patxi Lopez lehendakariak Eusko Legebiltzarrean, Aralarren, EAren, EBren eta UPDren eskariz. Duela aste pare bat, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen hogei bat lege egitasmo ezin izango zituela agindutako epean aurrera atera, eta, hori ikusita, gobernuaren «ezintasuna» kritikatu zuten oposizioko talde guztiek atzo.
Lopezek azaldu zuen lege egutegia «ausarta» zela jakin bazekiela gobernuak, baina lanean «eraginkorra» zela erakutsi nahianerabaki zuela egutegia martxan jartzea. Lehendakariarentzat, lege egutegia atzeratzea «zilegi» da, baldin eta adostasun gehiago lortzeko eta «gardentasunez» jokatzeko balio badu.Hala, Lopezek iragarri zuen lege «gehienak» legealdiaren erdialderako egongo direla ganberan.
EAJk kritikatu du lehendakariak ez duela programarik eta oraindik ez diela «tamainarik hartu»euskal gizartearen beharrei. «Egoera politikoak eta gizarteak berak gobernu honen martxa gainditu egiten dute». Aralarrek «ezinean» ikusten du gobernua, eta uzteko eskatu dio: «Ezin baldin baduzue dagokizuen ardura hartu, trajearen txaketa handiegi geratzen bazaizue, joan zaitezte eta utzi lekua». EAk esan du gizarteak ez duela zertan gobernuaren «esperientzia falta» ordaindu, eta EBk «egitasmorik gabe» agintzea egotzi dio Jaurlaritzari.
PP ere kritiko agertu da. Lehendakariak bere babesa izaten jarraituko duela esan du PPk, baina onartu du bere «ezintasunak» jota utzi duela.
Oposizioko taldeek «ezinean» ibiltzea egotzi diote Lopezi
Lege egutegiaren atzerapenagatik kritika zorrotzak egin dizkiete Jaurlaritzari EAJ, PP, EA, EB, Aralar eta UPDk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu