RAFIQ ZAIN ELDEN (EKINTZAILE PALESTINARRA)

"Orain ez dago aitzakiarik, eta gogoa sumatzen da gatazka konpontzeko"

Al-Fatahen keinuaren atzean, benetan adiskidetzeko nahia ikusten du Rafiq Zain Elden gazte mugimenduko kideak. Presioek ez dute kezkatzen: "Israelek ezin du ezer egin guri bozkatzea eragozteko".  

Samara Velte.
2014ko apirilaren 26a
10:46
Entzun

Gazte mugimenduko ordezkari gisa, Israelekin bake prozesuan inplikatuta egon da Rafiq Zain Elden (Nablus, 1988). Oro har, baikor mintzo da Al-Fatahen eta Hamasen arteko adiskidetzeaz: «Palestinar guztiok arazo berberei aurre egin behar diegu. Hau aukera bat da, guztiok frogatu ahal izateko badugula estatu propiorako eskubidea».

Nola jaso zuten Palestinako herritarrek asteazkeneko akordioa? Espero zenuten?

Zazpi urte generamatzan halako une baten zain, eta ikusten genuen Fatah eta Israelen arteko negoziazioak geldirik zeudela; pentsa zitekeen halako zerbait helduko zela. Oso berri pozgarria izan da, inondik ere.

Baina 2011n eta 2012an ere egin zituzten akordioak, eta gero ez dute jarraipenik izan. Zergatik da aste honetakoa desberdina?

Akordio hau palestinarron artean adostutakoa da, kanpoko presiorik gabe: ez Israelen aldetik, ez eta arabiar mundutik ere. Israelekin negoziazioak etenda zeudenean gertatu da: horiek gabe, estatu propioaren aldeko iritzi publikoa indartzeko beste zerbaiten bila zebilen PAN.

Hainbat hedabidek zuhurtziaz hartu dute albistea, eta Fatahen estrategia bat bakarrik dela esan duenik ere bada: Israeli presio egiteko modu bat.

Nire ustez, badago adiskidetze nazionalerako benetako nahi bat honen atzean, baina baita Israeli erakusteko baditugula bestelako baliabide batzuk ere eta gai garela gure arazoak geure kabuz konpontzeko. Berez, palestinarren barne auzi bat da, baina, aldi berean, balioko du Israeli presio egiteko: hark sarritan erabili du banaketaren aitzakia Zisjordaniako gobernua kontrolatzeko. Aitzakia mordoa erabiltzen zuen; adibidez, Hamas gure aurka zegoela esanez. Orain, ez dago balio duen aitzakiarik palestinarrontzat; eta, gainera, jendea benetan gogotsu sumatzen da gatazka konpontzeko.

Hala ere, pentsatzekoa zen Tel Avivek erabat etengo zituela PANekin negoziazioak. Behin baino gehiagotan eman zuen abisu: «Edo Hamasekin, edo gurekin».

Israelek bi aurpegiko diskurtsoa erabili du etengabe. Alde batetik, arazo bihurtzen zuen Fatah eta Hamasen arteko banaketa: esaten zuen ezin zuela palestinarren zati baten ordezkaria baino ez den gizon batekin negoziatu. Orain, adiskidetzearen aurka dago, eta prozesua oztopatuko duela iragarri du. Ez al litzateke zentzudunagoa aukera baliatzea palestinar guztiekin hitz egiteko?

Jakina. Baina, horretarako, negoziatuko duen erakundeak palestinar guztiak ordezkatu behar ditu. Fatahek eta Hamasek politika eta forma erabat desberdinak dituzte. Nolakoa izango da hauteskundeetatik atera daitekeen gobernua?

Palestinan, leku guztietan bezala, alderdi asko daude: Fatah, Hamas eta hainbat alderdi txikiago. Oraingoan erabat desberdina izango da: zazpi urte igaro ditugu hauteskunde formalik gabe, eta jendeak gogo handia dauka bi alderdi nagusiak mahai berean eserita ikusteko. Nire ustez, eserleku kopurutan, antzeko ibiliko dira Fatah eta Hamas.

Tel Avivek iragarria du prozesu politikoa oztopatzen saiatuko dela.

Bai, adierazpen ugari egin ditu Israelgo Gobernuak, esanez PANi babes ekonomikoa etengo diotela adiskidetze prozesuarekin konprometitzen badira. Ekonomikoki ito nahi gaituzte.

Fatahek presio horren ondorioz atzera egingo duela uste duzu?

Ez, nire ustez, oraingoan bide osoa egingo du, hauteskundeetaraino. Dagoeneko nabarmen geratu da egoera hau palestinarron askatasunaren aurka doala. Gainera, nazioartearen babesa daukagu: munduak badaki Israelek ezin duela ezer egin guri bozkatzea eragozteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.