Oraindik ere ari du (Estitxu Elduaien, 'Egunkaria'-ko kazetari ohia)

2013ko otsailaren 17a
15:00
Entzun

Hortxe daukat, aurrez aurre begira. Bi etxe, hiru kaxa eta lau apalategi ezagutu ditu, eta hautsak hartuta badago ere, dotore ageri da egongelako apalategian. Denboraren eta liburu materialen joanagatik, beti egon da hor; batzuetan ageriago, besteetan ezkutuago, baina beti presente. Gezurra ari du.

Hauxe izan daiteke une aproposa. Publikatu zenean ez irakurtzea erabaki nuen, barru buelta handiegia eragiten zidalako. Eta oraindik ere ez naiz fio. Azalean ageri den argazkiak begiak itxiarazten dizkidalako. Hamar urte pasatu dira, hamarkada oso bat, baina oraindik ikusi egiten ditut guardia zibilak, kultur parkearen atarian.

Kontu batzuk hala gelditu dira nire oroimenean, betiko iltzatuta. Gertaera batzuk lausotuta dauzkat, baina beste batzuk, garbi. 2002ko otsailaren 20ko goizalde hartan, bi ginen gure etxean Egunkaria- ko langile. Eta biok gogoratzen gara nola ama sartu zen gelan, eta zalapartaka esan zigun: "Atxilotu egin dituzte, zuenean, Martxelo eta beste batzuk".

Irudiak datorzkit burura: Donostiako manifestazioa eta Groseko tunelean sartu ginenean ateratako malkoak; Madrilgo orduak, kartzela atarian Egunero bat eskuan hartuta Martxelori emandakoan egingo zizkigun kritikak imaginatuta egindako barreak, eta Martxelo iritsi, bizi izandako infernua kontatzen hasi, eta izan genuen herioa.

Eta dirua lortzeko lanak, txosnak, parrandak... Eta Hernaniko erredakzioa: bi egunetik behin konjuntibitisa eragiten zuena, sanjoanetako parrandaren erdian egunkari xume hura egitea ahalbidetzen ziguna. Eta noski, kamixeta urdin, handi eta pankarteroa. Ilunaren ondotik, argia ere eman baitzigun 2002ko udaberriak. Taldearen indarra, gizartearen babesa, eta BERRIA egiteko gaitasuna.

Esku artean dut liburua, eta ireki egin nahi dut. Baina gezurra ari du. Oraindik ere bai. Ez dakit gainditu dudan, ez eta gainditu nahi dudan ere. Auzi ekonomikoak epaitegietan segitzen du, eta zauriak guztiz ixteko modurik ez da. Hauxe izan daiteke une aproposa, baina gazi-gozo nago, samin-nostalgia. Mahai gainean utziko dut, guztiz atertu zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.