«Oraindik ez da berandu AHT bertan behera uzteko»

Tren Sozialaren aldeko Sareak ere protokoloa sinatu du, Euskal Herriak etorkizunean behar duen tren sarearen gaineko gogoeta eskatzeko

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
BILBO
2006ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Oraindik ez da berandu. Bada aukera Euskal Y-aren gaineko egitasmoak bertan behera utzi eta Euskal Herriak behar duen tren sarearen inguruko gogoeta egiteko. Horretarako, borondate politikoa baino ez da behar». Halaxe pentsatzen dute Tren Sozialaren aldeko Sarea osatzen duten eragileek.

Madrilen abiadura handiko trena egiteko Espainiako Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatzen zuten unean bertan, Euskal Herrian, Bilbon, guztiz bestelako idatzia sinatu zuten hainbat eragilek: interes sozialeko trenbide sarearen aldeko protokoloa.Idatzia hainbat gizarte mugimendu, sindikatu eta alderdi politikoren ordezkariek sinatu dute. Janire Dominguezek hitz egin zuen guztien izenean, eta aurreratu zuenez, gainerako eragileen eta herritarren sinadurak batzen hasiko dira orain. Agiria honako hauek sinatu dute: Koldo Nabaskues (EKA), Nerea Gonzalez (Ekologistak Martxan) eta Xabier Akisu (Ezkio Itxaso) gizarte eragileek; Mikel Nogal (ELA), Belen Arrondo (EILAS), Txutxi Ariznabarreta (LAB), Gontzal Gallego (ESK),Unzalu Saterain (EHNE) eta Modesto Garcia (HIRU) sindikatu ordezkariek; eta alderdi politikoen izenean, berriz, Pernando Barrenak (Batasuna), Gorka Urkizuk (Ezker Batua), Antxon Gomezek (EAE), Mikel Basabek (Aralar) eta Joxe Iriarte Bikila-k (Zutik).

Elkarrizketa gogoa

Idatzian trenbide sozialak izan beharko lituzkeen ezaugarriak eta bete beharreko baldintzak jasotzen dira. Horiek guztiak lehenbailehen berraztertu eta egin ahal izateko, elkarrizketa gogoa ezinbestekoa dela ohartarazi dute. Ezer erabaki arte eta, batez ere, azkenean zer egin ikusi bitartean, eurek bultzaten duten egitasmoa baldintzatu edo trabatu dezaketen jarduera guztiak AHT bera, besteak beste gerarazteko eskatu dute.

«Eraginkortasuna, eskuragarritasuna eta zentzuzko kostua kontuan harturik, pertsonentzat eta merkantzientzat beharrezkoa den eguneroko garraioaren zati garrantzitsu bat bere gain hartzeko gai izango den trenbide sarea behar dugu». Argi daukate abiadura handiko trena bateraezina dela eurek proposatzen duten tren ereduarekin. Agintarien egitasmoari kontrajarri diotena herritarrei azaltzeko asmoa aurreratu dute: «Beharrezkoa ez ezik, erabat bideragarria da».Eusko Jaurlaritzaren asmoa ez dela berria ohartarazi dute. «Hamabost urte daramatzagu horrekin, bere garaian zuzenketak ere egin genizkion proiektuari, baina ez dugu ez erantzunik jaso, ez aurkeztu digutena aldatu edo berriren bat proposatzeko aukerarik izan. Ez da berandu Jaurlaritzak jarrera aldatzeko».

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.