Iban Dufurrena (Erratzuko zinpeko alkatea).

“Oraindik ezin izan dugu aztertu herriko pista guztien egoera”

Baztandarrentzat zaila izanen da 2014. urteko uztailaren 4ko goiza ahaztea. Elizondon bezala, urak gainezka egin zuen Erratzun ere. Pistetan eragin ditu uholdeak kalteak, batez ere. Oraindik ere ezin izan dira guztietara ailegatu.

edurne elizondo
2014ko uztailaren 18a
11:00
Entzun

Nolakoa izan zen uztailaren 4ko goiza zuretzat?

Herritik kanpo nengoen. Telefonoz dei egin zidaten abisua emateko. Ordubete kosta egin zitzaidan herrira ailegatzea. Herriko sarrera moztuta zegoen. Autoa aldatu eta noranahikoa hartu behar izan nuen, aurrera egin ahal izateko. Herria urez beteta zegoen, eta pista guztiak hondatuta.

Zein da oraingo egoera?

Oraindik ere ezin dugu erran galerak zenbatekoak izan diren, ezin izan baitugu aztertu pista guztien egoera.

Uztailaren 4an hainbat baserri gelditu ziren bakartuta. Bide nagusiak konpondu dituzue?

Uholdeen egun hartan hamabi edo hamahiru baserri gelditu ziren bakartuta. Haietako batean senar-emazteak eta sei hilabeteko ume bat zeuden, eta etxean urik ere ez zuten. Lehentasuna izan da bide nagusiak zabaltzea.

Zer laguntza izan duzue?

Baztango Udala bikain ibili da. Uholdea gertatu zenean, hondeamakinak behar ziren. Hemen bada halakoak alokatzen dituen etxe bat, eta udalak hasieratik erran zuen ahal zen guztia egiteko, lehentasuna zela bideak zabaltzea, eta behar zena egiteko bidea eman zigun. Guk makina bat genuen, baina gero bertze bi baliatu behar izan genituen.

Nafarroako Gobernuak eman du laguntzarik?

Badirudi gobernuak ere lagunduko duela, bai. Oraindik ez dago dena zehaztuta. Herrian hainbat etxetan sartu zen ura, eta hori nork bete aseguru etxearekin konpondu behar du. Baina zalantzak daude, adibidez, hainbat baserriren inguruko lurrei buruz. Ez dago argi hor gertatu kalteak aseguru etxeek ordainduko dituzten edo ez.

Zaila izaten ari da lehengo egoerara itzultzea?

Bai, pazientzia izan beharko dute herritarrek. Kontua da oraindik lan anitz dagoela egiteko, oraindik ezin izan baititugu pista guztiak aztertu. Hemen pista anitz dago, eta ezin izan gara guztietara ailegatu.

Herritarren erantzuna nolakoa izan da?

Auzolanean aritu dira herritarrak. Uztailaren 5erako, adibidez, auzolanera deitu genituen bizilagunak. Salatu nahi dugu egun horretan Guardia Zibilak izan zuen jarrera.

Zer gertatu zen?

Bi patrol agertu eta herrian eta auzoetan barrena aritu ziren, jendea identifikatzen. Herritarrei nortasun agiria eskatzen aritu ziren. Auzolanean aritzera, noski, jendea ez doa agiriak gainean dituela. Etxera joan behar izan zuten anitzek agirien bila. Herritar bati, gainera, hainbat kolpe eman zizkioten. Guardia zibilei erran zien hobe zutela kontrola egiten aritu beharrean garbitzen laguntzea. Autotik atera zuten, eta jo egin zuten. Salatzeko moduko gertakaria da. Orain arte, uholdeei aurre egiteko lanak ez digu horretarako aukerarik eman, baina Baztango Udalarekin aztertu nahi dugu gaia, gertatu dena behar den bezala salatu ahal izateko, hain zuzen.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.