eguraldia

Oraingoz itsasgorari eusten ari zaio Urumea

Arazo larriak ari dira sortzen euritearengatik, eta Iparraldean alerta gorria eman dute gaurko eta biharko. Txarrena 19:00etarako espero zen, itsasgora iritsi denean. Legorretan, Eredu enpresa hustu dute luizi bategatik, eta Iruñean, Arrotxapea auzoan, autoak handik ateratzeko eskatu dute. Altsasun, lagun bat autotik atera behar izan dute, urak ibilgailua zeramala. Errepide batzuk urpean daude Berangon eta Erandion, eta larrialdi taldeak lanean ari dira harrapatuta geratu diren autoak ateratzeko. Barakaldon 200 ume eskolatik atera dituzte larrialdi zerbitzuek, autobusek ezin izan baitira iritsi.

2013ko urtarrilaren 15a
21:01
Entzun

Egun zaila izaten ari da gaur Euskal Herrian euriteen ondorioz. Goizetik Urumea, Oria, Zadorra, Artibai, Arga eta Ultzama ibaiak arazo handiak ematen ari dira. Hernaniko eta Astigarragako zenbait lekutako bizilagunak etxetik eta txaboletatik atera dituzte lehen orduan. Nafarroako iparraldean elurra ari du, gainera, eta Belaguako zati bateko eta Urbasako errepideak itxita daude. Araban, Opakuakoa eta Herrerakoa.

Euria gogotik ari du atzoz geroztik, eta goizeko arazo nagusiak Urumea —batez ere, Hernanin—, Oria —Andoainen—, Zadorra eta Artibai —Ondarroan— ibaietan daude, gainezka egin baitute zenbait lekuean, erakunde publikoek esan dutenez. Iruñeko Udalak, berriz, uholdeen kontrako neurriak martxan jarri ditu, eta Ultzama eta Arga ibaiak atera egin dira dagoeneko.

Goizeko ordu bat aldera, Andoainen Oriak gainezka egin du, baina gero jaitsi egin da. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ordea, berriro egin du gora urak. Arratsaldeko zazpietan iritsiko da itsasgora.

Hernanin ere Urumearen ur maila jaisten ari da pixka bat, lehen itsasgora pasatu ondoren. Dena dela, Karabel auzoko bizilagunei esan diete etxetik ateratzeko badaezpada. Astigarragan, Ergobian, ehun bat lagun atera dituzte errepide azpian dauzkaten txaboletatik —umeak dira asko—; oraingoz, Astigarragako kiroldegira eraman dituzte.

Urtegiak, gainezka egitear

Añarbeko Urak esan duenez, uhateak guztiz itxita dauzka, eta hiru milioi metro kubiko jaso ditzake oraindik; gainera, sei milioi gehigarri jasotzeko tokia bideratzeko modua du. 

N-1 errepidea itxi egin dute eguerdian Lasarte-Oria parean, kamioi batek istripu bat izan baitu.

Artibai ibaia irten egin da Ondarroan. Amoroton, Oletako parkea urpean geratu da (bideoan).

Araban, Opakua eta Herrera mendateetako errepideak itxita daude, elurragatik, eta Bernedokoan ibilgailuek kateak behar dituzte.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan arazoak daude han-hemenka, baina ez da larrialdi egoerarik. Ezpeleta inguruan errekak gainezka egin du.

Nafarroako iparraldean elurra ari du, baina gobernuak esan du oraingoz ez dela arazo handirik. Belaguako zati bateko eta Urbasako errepideak baino ez daude itxita, eta Belaguako beste zati batean —Izabatik gora—, Artesiagan eta Aralarren ibilgailuek kateak behar dituzte. Iruñerrian goizean egin du elurra, eta arazoak sortu ditu zirkulazioan.

Meteorologia zentroek alerta gorria emana dute Nafarroa ipar-ekialderako  —eman daitekeen alertarik gorena—. Nafarroa ipar-mendebalderako, alerta laranja emana dago, euriagatik, izotzagatik eta haizeagatik, eta beste eremuetarako, horia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ere laranja emana dute, euriagatik eta haizeagatik.

Haize handia ere badabil Euskal Herrian. Orduko ehun kilometroko haizeak joko du batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.