Lur beltzetik ateratzen dira abar lehorrak. Hatz luze eta bihurriak zerura zuzentzen dituzten eskeletoen antza hartu dute zuhaitzek. Garrik ez da sumatzen inguruan —suhiltzaileek asteartean itzali zituzten azkenak— baina suak eginiko ibilbidea igartzen da. Izan ere, zentzumen guztietan utzi du arrastoa iragan asteko suteak: paisaia beltz, griskara eta marroien arteko kontraste kromatikoan; azalari itsasten zaion erre usain sarkorrean; eztarritik behera irristatzen den ke zapore garratzean; astebeteren ostean oraindik epel dagoen lur errea ukitzeak ematen duen zirraran… Eta ororen gainetik, isiltasunean. Hondamendian hildako kilker eta txoriek jada hautsi ezin duten isiltasun erabatekoan.
Kostako zaio Orbaibarri normaltasuna berreskuratzea. 3.500 hektareatik gora erre ditu suak; nekazaritzarako lurrak eta basoak, batez ere. Besteak beste, biodibertsitateari, ondareari eta ekonomiari egin dio kalte, eta adituen arabera, 25 bat urte beharko dira lurra leheneratzeko. Benetako kaltea, baina, harago doa. “Etsitzen gaituena ez da kalte ekonomikoa, emozionala baizik”, laburbildu du Txaro Guillen Puiuko bizilagunak.
Bere familiaren olibondoak kiskali zituen suteak. “Uzta bat galtzea, tira, gogorra da, baina gu ez gara honetaz bizi eta, beraz, horrek ez gaitu sobera larritzen. Olibondo horietako batzuk, ordea, duela ehun urte landatu zituzten, gure aita jaio zenean, eta balio sentimental itzela zuten guretzat. Gure bizitza da su garren artean erre dena”. Guillenek nekez eusten die malkoei, begirada Puiu ondoko mendira zuzentzen duenean. “Txikitan, baso honetara etortzen ginen jolastera. Sutea piztu zenetik, ez naiz paseatzera ere atera. Gogoa ere belztu digu gertaera honek”.
Ez du sekulan ahaztuko iragan abuztuaren 25eko gaua. “Larrialdi zerbitzuek esan zuten biztanleentzat ez zegoela arriskurik, baina guk suzko mihi luzeak ikusten genituen, etxeetatik oso hurbil. Panorama latz horrekin, ezin etxean lasai geratu. Berehala, txandak antolatu zituzten bizilagun askok, edozertan laguntzeko, eta horrela eman genuen ia gau osoa, ikara batean”.
Hain zuzen, eskualdeko herritarrek erakutsitako eskuzabaltasuna eta elkarlana izan dira Orbaibarko sutearen ondorio positibo bakarrak Guillenen irudiko. “Ez ziren soilik kaltetutako herrietakoak izan. Bailara osoko jendea hurbildu zen laguntza ematera: Barasoaindik, Garinoaindik, Oloriztik, Añorbetik…”.
Juan Carlos Benito tafallarrak, adibidez, ia bi egun jarraian eman zituen sua itzaltzen saiatzen. Apenas egin zuen lo lehen egun horietan. “Hego haizeak edonora eramaten zituen txinpartak, baina suhiltzaileen lehentasuna zen sutearen gune handienak kontrolatzea; hortaz, herritik hurbil pizten ziren sute txikiak itzaltzeaz arduratzen ginen gu; batzuk traktoreekin lurra goldatzen, suebaki inprobisatuen modura, eta beste asko, ni neu bezala, zuhaitz abarrekin garrak astintzen”.
Benitoren esanetan, “nekagarria eta etsigarria” izan zen lan hori boluntarioentzat: “Egoera kaotikoa zen, baliabide materialik ez genuelako. Abarrekin su gar bat itzali eta, hortik ateratzen ziren txinparten ondorioz, berehala pizten zen beste bat gure bizkarrean. Ezintasun sentsazioa erabatekoa zen, sua gero eta hurbilago ikusten genuelako”.
Nafarroako bazter guztietatik heldutako suhiltzaileei laguntzea ere egokitu zitzaien Puiu, Añorbe eta Tafallako herritarrek. “Lehen gau hartan, 02:00ak aldera, suhiltzaileen kamioi zahar bat heldu zen Auriztik. Inork ez zien etortzeko agindurik eman, baina hala ere, kamioia hartu eta bi orduko bidea egin zuten Tafallaraino. Ez zuten ideiarik ere nora joan behar zuten, beraz, guk egin genuen gidari lana”, azaldu du Benitok.
Haren ustez, larrialdi zerbitzuen arteko koordinazioa “ez zen egokia izan” hasiera batean. “Faktore askok bat egin zuten: tenperatura altuak, lehorteak, orografiak, haizeak… eta horren guztiaren ondorioz, inork espero ez zuen tamaina hartu zuen suteak. Nire ustez, ez zuten ongi neurtu arriskua, eta lehen orduetan nahasmena izan zen nagusi. Iluntzerako, ordea, buelta eman zioten egoerari, eta txalogarria izan zen suhiltzaileen lana”.