Ia lau orduz aritu da deklaratzen Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohia Mari Paz Benito Iruñeko 3. Instrukzio epaitegiko magistratuaren aurrean. Hedabideei azaldu dienez, Espainiako Bankuari epaileak eskatu dion txostena iritsi bezain laster bere inputazioa artxibatzea eskatuko du, eta gaineratu du ez dagoela motiborik "ez inputaziorako ezta auzirako ere". Auzitegira sartu denean zenbait herritar zituen zain gaur goizean, eta "lapurra" eta "lotsagabe" esan diote.
Labur mintzatu zaie Goñi kazetariei deklarazioa amaitutakoan. Esan du ordaindutako dietak estatutuetan jasota daudela, eta, beraz, estatutuen araberakoaka. Batzorde iraunkorreko kideei ordaindutako dietak estatutuen babesik gabe ordaintzea edo baimena ematea egotzi dio epaileak kutxako zuzendari ohiari.
Goñiren azalpenak ez direla nahikoa izan esan du Javier Aiestaran Kontuz-eko ordezkariak, eta Goñik auzipetuta jarraitu behar duela uste du. Aiestaranen esanetan, Goñik argudiatu du eginiko guztia estatutuen arabera egin duela; "Kontuz-entzat azalpen horiek ez dira inola ere nahikoa".
"Lapurra" eta "lotsagabe" esan diote
10:00etan hasi da deklaratzen Goñi, eta ia 14:00ak zirenean atera da Nafarroako Jauregitik. 09:20ak inguruan sartu da auzitegira. Nafarroako Jauregira iritsi denean zenbait lagun zituen zain 'txorizoa' idatzia zuen kartel batekin. "Lapurra" eta "lotsagabea" esan diote horiek CANeko zuzendari izan zenari, eta horrek irribarre egin duenean batek esan dio: "Egin barre bai, Nafarroak negar egiten duen bitartean". Atzo LABek Nafarroako Kutxaren egoitza nagusia eta Nafarroako Gobernuarena 180 metroko txorizo batekin batu zituen, ustelkeria salatzeko (bideoa).
Batzorde Iraunkorreko kideek kobratu zituzten dietak baimentzea leporatzen dio epaileak. Bera da CANeko dieten auzian deklaratzen laugarrena, Batzorde Iraunkorreko kideen ondoren deklaratuko du. Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiak, Alvaro Miranda Ogasun kontseilari ohiak eta Enrique Maia Iruñeko alkateak deklaratu dute. Yolanda Barcina Nafarroako presidentea ere Batzorde Iraunkorrean dago baina epaileak ez du inputatu foruduna delako.
Eroskeria delitua
Maiatzaren 16an inputatu zuen epaileak Goñi. "Nafarroako Gobernuko Presidentetzan, Iruñeko Alkatetzan eta Ekonomia eta Ogasun Kontseilaritzan kargua zutenei zuzendari nagusi gisara dietak estatutuen babesik gabe ordaintzeagatik edo baimena emateagatik" erabaki zuen epaileak hari ere deklarazioa inputatu gisa hartzea. Epaileak uste du eroskeria delitua egin izan dezakeela Goñik.
Dagoeneko deklaratu dute inputatu gisara Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiak, Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiak, kutxak emandako dietak kobratzeagatik. Iruñeko alkatearen kasua artxibatzea eskatu du, berriz, fiskalak, eroskeria delitua baztertu ondoren. Hiru horiek CANeko batzorde iraunkorreko kide ziren Yolanda Barcinarekin batera. Barcina ezin dute inputatu Nafarroako Gobernuko presidente izanik, Espainiako Auzitegi Gorenari dagokiolako, ezein epaitegiri egokitzekotan, kasua ikertzea.
UPNko eta PSNko beste sei kargudunek ere deklaratu dute, lekuko gisa.