«Nagusi gara orain ere». Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko enpresen erdietan hauteskunde sindikalak egin dituzte irailetik hona, eta lortutako emaitzekin gustura dago ELAko idazkari nagusi Jose Elorrieta. Hamar ordezkaritik lau dauzkate. «Lehenagoko kopuruari eutsi diogu, baina ordezkaritzaren %40tik gora zaudenean, irabaztea da eustea». ELA%40,83an dago. CCOOk %19,99an, LAB %16,47an eta UGT %13,18an, abenduaren 20ra arte erregistratutako datuen arabera. Elorrietak zehaztu du oraindik 1.100 bat ordezkari daudela erregistratu gabe, baina horiek %0,15eko gorabehera eragingo dutela gehienez ere.
Azkenean, beraz, «galdu baino ordezkari gehiago irabaziko» ditu ELAk. Denera, 7.459 dauzka une honetan -enpresaz enpresa bildutako baina oraindik ofizialak ez diren datuen arabera, 7.851-. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian %0,04 hazi da ELA. Hego Euskal Herrian 0,10. Elorrietak, dena den, azaldu du Nafarroan oraindik hauteskundeak egin behar dituztela leku askotan, eta udarako izango dituztela emaitza osoagoak.
Beste hiru herrialdeetako datuak izan ditu hizpide. Pixka bat jaitsi da ELA Araban. Caballiton, esaterako, lau ordezkaritik bira pasatu da. «Zuzendaritza mehatxu egiten ibili da eta bulegoetan ezin izan dugu hautagaitzarik aurkeztu». Enpresa jakinez jardun baino nahiago izan du azterketa zabalagoa egin, ordea. «Egia da Araban %0,36 egin dugula behera. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, %0,19 eta %0,09 igo gara, hurrenez hurren». Goraipatu du Gipuzkoako metalean eta eraikuntzan «aurrerapauso handia» eman dutela, eta zerbitzuetan bost puntu gorago daudela, adibidez.
Gipuzkoako ordezkari guztien %44,67 dauzka ELAk. «Gehiengo osotik gertu gaude eta 19 puntu ateratzen dizkiogu bigarren sindikatuari (LAB)». Bizkaian ere nagusi: «CCOO da bigarrena, 18 puntu atzerago». Araban, berriz, 10 puntura daude beste sindikatuak. «Nagusi gara hiru herrialdeetan, eta horrek esan nahi du langileak bat datozela gure estrategiarekin: patronalari eta Administrazioari oldartzearekin, alegia».
ELAk ez ezik LABek eta CCOOk lehen baino babes handiagoa daukatela, biek ere %0,30 ordezkaritza handiagoa dutela, baina sindikatu horien emaitzetan «ñabardura batzuk» egin behar direla adierazi du Elorrietak. «LAB, esaterako, Araban ez da %11ra iristen eta Bizkaian %12,5aren azpitik dago. CCOO, berriz, %15,2aren bueltan dabil Gipuzkoan. ELAren eredu sindikala da nagusi. Beste sindikatuenak ez dira hazten ari».
«PREKARIETATEAREN AURKA». Borrokaren aldeko apustuari eutsiko dio ELAk, eta negoziazio kolektiboan «gogor» egingo du prekarietatearen aurka. «Ekonomiak hazten jarraitzen baitu, ugazabak dirutza irabazten ari baitira, baina lan baldintza makurrak baitauzkate langile askok». Emakumeek eta gazteek, ororen gainetik. Sindikatuak ohartarazi du, ordea, «joko arauak oraindik finkatu gabe» daudela sindikatuen euren artean eta, beraz, gainerakoei eskatu diela behintzat lan itunak ez sinatzeko gutxiengoa badira. «Bestela, patronala izango da garaile».
«Nagusi gara, eta horrek esan nahi du langileak bat datozela patronalari oldartzearekin»
«Gipuzkoan, 19 puntu atzerago dago bigarren sindikatua, eta gehiengo osotik gertu gaude»
jose elorrietaelako idazkari nagusia
Ordezkari sindikalen «%40tik gorako kopuruari» eutsi dio ELAk Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian
Elorrietak dio kopuruari eustea irabaztea dela eta langileek bat egin dutela beren estrategiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu