Hamabiak pasatxo zirenean hasi da frankismoaren azken fusilatuen aldeko ekitaldia, Zarauzko hilerrian. Antonia Manot, Jon Paredes Txiki-ren amak semearen argazkiari musu eman eta lore eskaintza egin ondoren, Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak hartu du hitza. Biktima haien senitartekoak eskertu ditu lehenik, hainbeste urtez fusilatuen memoriari eutsi izanagatik, "bakardadean". Alvarezek gogoratu du "faxismoaren aurkako borrokalariak" zirela frankismo garaian eraildakoak: "Gaur egun inork ezin du hori ukatu".
Hain zuzen, gaur 37 urte fusilatu zituzten Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak, eta Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPekoak.
Senide eta herritarrez gain, Zarauzko hilerrian izan dira Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria eta Jaurlaritzako zenbait ordezkari, Zarauzko eta Azpeitiko alkate Jose Luis Illarramendi eta Eneko Etxeberria, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Lohitzune Txarola, eta Bilduko, EAJko eta PSE-EEko zenbait zinegotzi. Lehen aldia da Jaurlaritzako ordezkariak gaurko egunez egiten diren ekitaldietan parte hartzen dutela. Alvarezek eskertu egin du kargudun eta politikariak bertara joan izana, baina ekitaldia "marketing politikorako" ez erabiltzeko eskatu du. Gainera, ohartarazi du ekialdia ezin dela "beste antifaxista askoren aitortza sahiesteko lubaki" bilakatu. Eusko Jaurlaritzak onartutako lege berriak bost fusilatu horiek biktima gisa onartzen dituen arren, Ahaztuak-eko kideak esan du memoria ezin dela "zatikatua" izan, eta garai hartako biktima guztiak aitortu behar direla.
Bide gora-beheratsua
Horrez gain, Alvarezek gogoratu du Ahaztuak elkarteak antolatutako ekitaldi horiek, eta oro har, frankismoaren biktimen aitortzak ibilbide gora-beheratsua izan dutela azken urteetan. 2009an, Patxi Lopezen gobernuarekin, Ertzaintzak bultzaka atera zituen senitartekoak hilerritik. Aurten, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak eskatuta, debekatu egin du Iruñean egitekoa zen elkarretaratzea, eta Dignidad y Justicia elkarteak ekitaldi guztiak debekatzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari. Alvarezek aldarrikatu du Ahaztuak-ek ez duela "terrorismoa" goratzen, "erresistentzia, antifaxismoa eta demokrazia" baizik.
Hegoak ebaki banizkio, Eusko Gudariak eta Internazionala abestuz amaitu da Zarauzko ekitaldia, txalo artean. Euskal Herrian zehar beste hainbat ekitaldi ere egingo dira, besteak beste, Gasteizko Santa Isabel hilerrian eta Deriokoan (Bizkaia). Kontzertua ere izango da Bilboko Kafe Antzokian.