euskal herria

Ordezkaritza zabala izan da Inazio Uria gogoratzeko Azpeitiko ekitaldian

Enpresarioa gaur hiru urte hil zuen ETAk, tiroz. Besteak beste, Jaurlaritzako, PSEko, EAJko, PPko, EAko eta Aralarreko buruzagiak izan dira Loiolako bilkura isilean. Uria sendiak ostegunean ohartarazi zuen ez zuela bere alboan nahi "atentatu terroristak letra larriz gaitzesten ez dituztenak". 

2011ko abenduaren 3a
18:51
Entzun

Ehunka lagunek Inazio Uria zena gogoratu dute gaur Azpeitian, Loiola auzoan, ETAk hil zuen tokian. 13:00etan hasi da bilkura isila, haren omenez eginiko monolitoaren aurrean, eta senideekin batera ordezkaritza politiko zabala elkartu da. Eusko Jaurlaritzatik Iñaki Arriola (PSE-EE) eta Rafael Bengoa sailburuak eta Miguel Buen (PSE-EE) Herrizaingo sailburordea zeuden, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, EAJtik Joseba Egibar GBBko burua, Arantza Tapia Kongresurako diputatu hautatua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia, EAEko PPtik Leopoldo Barreda eusko legebiltzarkidea, EAtik Pello Urizar idazkari nagusi eta Bilduko kidea eta Rafa Larreina zuzendaritzakide eta Amaiurreko diputau hautatua, Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkidea eta Dani Maeztu alderdiko koordinatzaileordea...

Eduardo Puelles eta Isaias Carrasco ETAk hildako lagunen senideak ere Azpeitiko ekitaldian izan dira, enpresa arloko ordezkariak ere bai (Nuria Lopez de Gereñu Confebask-eko idazkari nagusia, edota Eduardo Zubiaurre eta Jose Miguel Aierza Adegiko buruak), Ramon Etxezarreta PSE-EEko zinegotzi ohia, Azpeitiko EAJko hautetsi eta buruzagiak (Julian Eizmendi alkate ohia, Jesus Larrañaga zinegotzia...), Juan Karlos Arellano Azpeitiko Aralarreko zinegotzi ohia, Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoa... Herritar asko ere han ziren.

Hain zuzen, gaur hiru urte bete dira ETAk Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa tiroz hil zuela.

Ostegunean deialdiarekin hedabideetara igorritako mezuan, Uriaren familiakoek ohartarazi zuten ez zutela euren alboan nahi "atentatu terroristak letra larriz gaitzesten ez dituztenak". Adierazpen horrekin, ezker abertzaleko ordezkariak aipatu nahi izan zituen sendiak. Izan ere, ETAk hildako enpresaburuaren familiarentzat "ez da nahikoa indarkeria errefusatzea; gaitzespenarekin batera joan behar du errefusak, ezker abertzaleak sekula egin ez duena". 

Uriaren familiak onartzen du "aro berri bat" hasi dela, baina ohartarazi zuen bakea ez dela lortzen "amore emanez eta herri honek dituen terrore eta samina ahaztuz". Horregatik, agirian esan zuen ez duela behar "gupidarik eta barkamen eskaerarik", baizik eta "kondena, justizia eta errespetua".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.